BEGOÑAZPI IKASTOLA

Jarduerak / Egutegia
< Uztaila 2010 > 
A A A O O L I
1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30 31

Sakatu argazki gainean 2010/2011 Eskola egutegia ikusteko

Eskola egutegia

Proiektuak

Informazioren eta Komunikazioaren Teknologiak: erabilera ikasgelan

Ikastolak azken hamar urteotan teknologia barrien alde egin dauan apustua argia eta erabakigarria izan da, hasieran bideo proiektagailu bat eta hamar bat ordenagailu, banakako inprimagailuakaz eta euren artean konexiorik gabe egon ziran. Gaur egun, ostera, Interneterako abiadura handiko banakako sare bi dagoz (bata irakasleriarentzat eta bestea ikasleriarentzat), jabari lokal desbardinekoak, hainbat segurtasun sistemadunak eta eraikinen artean zuntz optikoan alkarren arteko loturaz.
Beharrezko azpiegiturez gain, azken laupabost urteotan konturatu gara familiek eta ikasleek teknologia barriez asko ikasi dabela eta sarritan eskaintzen izan jakena gainditu eta gehiago emon beharrean egon gara. Egoera honi aurre egin nahian, gurasoen eskaera eta Ikastolaren eskaintza uztartu beharrean ikusi dogu geure burua, hobekuntza hau ikaste- irakaste prozesurako ondo baino hobeto etorriko jaku eta.
Helburu honegaz hiru eremutan sailkatutako hurrengo ekintza honeek eratu ziran:
 Ikasleei informazio eta komunikazio azpiegituren hurbilketa.
 Teknologia barrietan oinarritutako iraskas- baliabideen gehikuntza eta sendotzea.
 Hezkuntza- komunitate guztiaren arteko komunikazioen gehikuntza eta hobekuntza.

Jarraian eremu bakoitzean egindako lana aztertuko dogu:

 Ikasleei informazio eta komunikazio azpiegituren hurbilketa.
Geletan zenbat ordenagailu eta honeen erabilera zelan dagoan jakiteko azterketa zehatz eta adierazgarria egingo dogu baina horretarako lehenengo eta behin, Ikastolan multimedia- proiektagailuak zelan dagozan banatuta aipatuko dogu.
Haur Hezkuntzan hauxe dogu: maila bakoitzean (2, 3, 4 eta 5 urtekoetan) proiektagailu bat, mugikor bi eta arbel digital bat proiektagailu eta guzti.
Lehen Hezkuntzan, proiektagailuak hirugarren zikloko gela bakoitzean ez eze musika gelan be badago. Lehen Hezkuntzako 5.mailan arbel digitalak be badagoz.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, informatikako geletan eta gela guztietan dagoz proiektagaikuak.
Hainbat bulego, areto nagusi bietan eta erabilera anitzetarako geletan be badagoz.
Informatika- ekipamenduei jagokenez, ikasturte honetan 220 ordenagailu doguzala aipatuko dogu, honeei Eskola 2.0 planagaz helduko diran 80ak gehitu beharko jakez, beraz, ikasle/ordenagailu ratioa 4,96koa izango da. Bulego, sail, areto eta gela guztiek dabe interneterako sarrera dauan sare- informatikoa.
Haur Hezkuntzako gela bakoitzean gitxienez ordenagailu bi dagoz inprimagailu eta guzti, bertan egin beharreko ariketak egin ahal izateko; aipagarria da gela guztietan dagoala interneterako konexioa.
Interneterako sarrera daben 47 ordenagailu dagoz Ikastolan doguzan hiru infomatika-geletan( bat Lehen Hezkuntzan eta bi Bigarren Henkuntza eta Batxilergoan).
Beharrizanen neurrira eratutako informatika- ekipamendu zehatza dabe sail guztiek.

Aurretik aipatutako Haur Hezkuntzan gelako dagozan ordenagailu biez gain, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoan gitxienez ordenagailu bat dago. Dana dala, egon badagoz ordenagailu bat baino gehiagoko gelak, ikasleek erabiltzeko jarri doguzanak:
• Lehen Hezkuntzan beharrizan bereziak dauazan ikasle batentzat jarritakoa.
• Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, ikasleak euren ikasketetan protagonista izateko eta irakasleak aplikazio pedagogikoen arabera sortu eta jarritako ariketak burutzeko jarritakoak:
• Bat ingeleseko gelan.
• Hiru matematikako gelan.
• Hiru euskerako gelan.
• Hiru natura gelan.
• Bost gizarte gelan.
• Hiru talde lanerako gelan.
• Laster, aldizkari digitala egiteko beste hiru jarriko doguz.

Ordenagailuak geletara hurreratzeko, lan egiteko modu hau, sakontzen jarraitzea da dogun helburuetariko bat. “Informatika- gela hedatua” deritxogun sistema honen bidez, ikasleek informatika- gelan bezala lan egingo dabe, pasahitz berebera erabiliz eta hainbat zerbitzaritan bildutako datuetan sartuz. Aurrerantzean, ikasgaiaren helburu, metodologia eta beharrizanen arabera jarriko diralarik ordenagailuak klaseetan.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoan hainbat dira eskanerra daben gelak. Aipagarria da Gizarte gelak informatika gela dirudiala (irakaslearentzako ordenagailu eroangarria eta eskanerra, proiektagailua eta ikasleentzako bost ordenagailu) gainontzeko gelek teknologia barrien praktika onen eredutzat hartzen dabelarik. Irakasleak baliabide honeek erabiltzeko modura egokitu dau ikasgaia, aurten bigarren urtea da. Sinergiak sortzen ari dala esan daikegu, besteentzat eredu izanez.
Adierazgarria, zelan ez, beharrizanen arabera irakasleen %15i jarri jakola ordenagailu eroangarria, etxean zein Ikastolan lan egiteko.



 Teknologia barrietan oinarritutako irakas- baliabideen gehikuntza eta sendotzea.
Begoñazpi Ikastolan, gelan aplikazioen garapena da ardatz nagusienetariko bat, nahiz eta Zuzendaritza Taldeko indar eta dirulaguntzaz gain, IKT taldekoek egindako lau Zuzentzaile Planen bidez, ezinbestekoa izan dana irakasleria izan dan.
Gai honetan adituak diran irakasleek (%20) gelan IKTen erabileraren praktika onak klaustroari erakutsi eta gero, besteek be ilusioz eta gogoz ekiteko prest dagozala adierazi dabe, orain dala urte batzuetako eta egungo lana nabarmenki desbardinduz.
Gelan IKTen aplikazioei jagokenez, gaur egun zer lan egiten dan zehaztuko dogu. Aplikaziook, etapaz etapa zeintzuk diran aztertu orduko, Begoñazpi Ikastolako profesionalen IKT maila zein dan aztertu behar dogulakoan gagoz.

2002tik aurrera ia irakasle guztiek dabe Ikastolak ezarritako posta elektronikoa. Internet danek erabiltzen dabe erraz- erraz eta ofimatika programak erabiltzeko be ez dabe zailtasunik agertzen. Honen adibidea batzarretan zerbait azaldu behar danean erabiltzen diran power pointak dira. Honeen konplexutasuna be aurreratuz joan da, hasieran erabiltzen ziranak egonkor eta mugimendu bakoak baziran, egungoak mugimendu, web lotura, bideo edo beste dokumentu batzuez osotutakoak izango dira. Lehen irakasleek dokumentu baten fotokopia non egon eitekean itauntzen eben, gaur, ostera, sarean non egon daitekean galdetuko deuskue.
Garapen hau gelako lanera be heldu da. Alde batetik, irakasle adituek erakutsitako lanagaitik eta bestetik, IKTen erabileraz ikasgaietako helburuak modu eraginkorrez lortu diralako.
Gazteek IKT tresnak egunero erabiltzen dabezanez, ikasketetarako aprobetxatu egin behar dabezalakoan gagoz, horregaitik dabe arrakasta gelako erabileran. Ondorioz, ikaste- irakaste prozesuko emaitzak be onak izango dira. Ikaslea entzule izatetik protagonista izatera helduko da. Hartzaile izatetik sortzaile izatera. Ikaslea aspertu egiten eban ekintza batetik, bertakotu, irabazi eta eragin egiten deutsonera joango da. Paso egitetik, egiteko gogoa izatera.Ahoz gatx egiten jakozan mezu teorikoetatik multimedia sesioen bidez mezuaren ulermena eta azalpena erraz adieraztera.

Gure Hezkuntza, aurkezten jakuzan aukera eta gizartearen eskaerei erantzuteko prest dago. Bideak eta metodologiak uztartzen dauazan aldaketa da. Hezkuntza arloan, filosofia aldaketa izango da. Guk ulertu ondoren, aldatze prozesuari ekin beharko deutsogu.
Baina azaldutakoa eguneroko lanean gauzatu behar da, hitzetatik ekintzetara joanez; Begoñazpi Ikastolako irakasleen lana eguneroko lanean gauzatuz. Horregaitik, ba, hona hemen etapaz etapa aurrera eroandako ekimen batzuk.

Haur Hezkuntza:

Orain dala hamar urtetik hona azpimarratu izan da ikasleek teknologia barriakaz txiki- txikitatik izan behar dabela harremana; Honetaz jabetuta, Ikastolan gelako ordenagailu bat, mailaka proiektagailu bat eta arbel digitala jarri ziran.
Etapa honetan tresnarik adierazgarriena, ordu kopuru, onarpen eta umeen parte hartzeagaitik, arbel digitala da. Gela guztietako hiru urtetik bost urte bitarteko ikasle guztiak pasetan dira gela honetatik. Bertan, ikasketa, intuizioz, bizkor eta ikasle bakoitzak alkarri eraginez egingo da. Bakoitzak bere hausnarketa egiteko eta lanean hasteko ekimena izango dau. Betiko paperezko fitxek bizia hartuko dabe eta ikaslea bera izango da alkarreragina izango dauana, egindako ekintzek erantzun eta balorazio arinak jasoz.

Ikasgeletako ordenagailuetan, ikasleek astean zehar ordu gehiago emon daikiez, testu, irudi, aurkezpen eta hezkuntza gaitasunei zuzendutako ariketa gehiago egiten, adibidez, klik programak; honeei geletako proiektagailuakaz etekin handiagoa atarako jakelarik.
Era berean, geletan erabiltzen dan audio eta bideo- lan ugari izango dira.

Haur Hezkuntzan IKTak erabiliz egin dan aplikaziorik interesgarriena, europear ikastetxe batzuekaz batera, ipuina osatzea izan da baita aurretik egoan digitalizazioa zein gelarako baliabideen sorkuntzan irakasleen parte- hatzea be. Irakasleen lanak eta IKTen erabilerak inteligentzia biten glosarioa handitzea ekarri dau. Irakasleak eurak dira IKTen erabilera sustatzen dabenak eta eremu digitala familiei hurbiltzen deutsienak. Zelan? Urtean zehar egindako lan- muntaketa eta bideoen bidez.

Lehen Hezkuntza:

Lehen Hezkuntzan, belaunaldi desbardinetako irakasleak egotean, beldur ginan IKTen erabilera zelan ezarriko zan, baina helduagoek gazteak IKTetan aditu eta gogotsu ikustean, beldurra kendu eta apurka- apurka konfiantza hartzen hasi ziran, IKTen erabilerak emaitzak hobetzen ebazala ikusirik, lanari ekin eutsen. Orokorrean Lehen Hezkuntzan IKTen erabilera nahikoa homogeneo dala esango dogu.

Gela guztietako ikasleak, gitxienez, astean behin joaten dira informatika- gelara, ofimatika- programak (testu, aurkezpen, kalkulu- orriak lantzeko), programa zehatzak (adib. klik programak), informazio bila eta internet bidezko komunikazioak aurrera eroateko.
Etapa honetako ikasleak internetaren garrantziaz ez ezik eskaintzen dauan komunikazio eta zenbait edukiren barri izateko aukeraz be berehala konturatzen dira. Pertzepzio hori iaz kontratatu zan GIC alkarreragilea dan plataformagaz sendotu egin da. Honek ikasgai bakoitzeko ekintzak antzeko lekua eta neurri formal bereko tokia izatea ekarriko dau. Ikasle bakoitza dagoan ikasgai beste taldetan egongo da, eta taldearen erantzukizuna ikasgai horretako irakasleak izango dau. Irakasle honek gidatu eta aurrera eroango dau ekintza bai klase barruan bai plataformari jagokon taldean.

Lehen Hezkuntzan IKTen erabilera garrantzitsua izango da nazio zein nazioarteko proiektuetan be. Beste ikastetxeetako ikasleakaz harremanetan jartzeko nahiz aurkezpen zehatz eta lanak egiteko balioko deuskularik.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa:

Etapa bi honeetako ikasleek, Lehen Hezkuntzatik datozanean oraindik umeak badira be, Ikastola izten dabenean helduak dira. Berezko garapen honek IKTen erabilera zelan bideratu edo zelan egokitu be irakasten deutse.Lotsarik ez daben adinetik (umetatik) hasi eta ikaskideei dakien guztia erakutsi nahi izatetik, garai honetan ikaskideek baino gehiago dakiela (ikasketa mailan, behintzat) erakustea txarto ikusita egongo dan nerabezarora helduko dira. Hau dala eta, ikasleek onartuko dabezan metodologiak bilatu beharko doguz, honeek konturatu barik be, lan eta jarrera kooperatibo eta parte hartzaileak bultzatuko dabezanak. Egoki erabilitako IKTek bilatzen genduzan asmoei erantzuten deutsee, hezkuntza formalari (jakintza, gaitasunak…) zein ez-formalari (portaerak, jarrerak, taldearekiko konpromisoak…). Begi bistakoa da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoan IKTen erabilera bideoak erakustea edo-eta lanen digitalizazioa baino askoz gehiago dana, ikasleak ikaste- irakaste prozesuko partaide eta protagonista izan beharko dau. Orain dala hamar urte baino gehiago Ikastolan aitzindari izan ziran ekintzek, ikaslea bere hekuntza- hazkundean parte hartzera eroan dabe. Begoñazpi Ikastolan gaur egun erabiltzen diran tresnak zeintzuk diran azalduko dogu. Honeek, nahiz eta ohiko egin, ez dira eragin gitxiagokoak, hona hemen batzuk:
- Pelikula proiekzioak.
- Entzumen klaseak.
- Diapositiba (digitalizatuak) aurkezpenak.
- Apunte eta ariketekin egindako gardenkien aurkezpena (digitalizatuak).
- Formato digitalean egindako lanen aurkezpena.
- Argazkien erabilera.
- Interneten informazio bilaketak.
- Europa mailako ikastetxeekin harremanak izatea (txatak, bideokonferentziak...).
- Lan- prestaketak eta honeen azalpen eta erakusketak.

Goian aipatutako ariketa batzuk aitzindariak badira be, azken urteotan aztertu eta landu egin doguz. Aipagarrienetakoa ikasleek, power pointen bidez, ikaskideen aurrean egindako azalpen eta erakusketa izan da. Adierazgarria da ikasleen hazkundean ekarriko dauan onuragaitik, informazioa bilatu, zerrendatu, ikasitakoagaz erkatu, erakargarria eta interesgarria dan aurkezpena, hau da, ikaskideen arreta pizten dauana, prestatu beharko dau; honez gain, aurkezten dauana azaldu egin beharko dau, landutako gaia badakiela erakutsiz; era berean gaitasun linguistikoaren eta jendearen aurrean ahoz azaltzeko gai dala be erakutsi beharko dau. Harrigarria da, lan- metodo honegaz zenbat informazio aurkitu, adierazi eta ikasiko dogun baita ikasleek lan mota hau zein erantzukizunekin betetzen daben be.

Beste esperientzia bat, orain dala hiru urtetik hona doguna film laburgintza da. Dana egiten da formatu digitalean eta ikasleek pozik, gogotsu, eta euren aldetik lan eginez eta denbora emonez aurreko paragrafoan esandako moduan ekiten deutse lanari. Istorio bat osotuz, zer azaldu ez ezik zelan, modu egoki eta erakargarrian, be jakin beharko dabe.
Urte bi inguru eroango doguz ikasgai batzuei loturik, blogak sortu eta erabiltzen. Alde batetik, irakasleak doguz, honeek ikasgairako egokiak diran edukiak jarriko dabez; beste aldetik, ikasleak izango doguz, blogean gela desbardinetako ikasleek parte hartu eta alkarregaz harremanetan egongo dira, euren ezinegona, ikerketa, hausnarketa eta eurek egindako lanak bertan jarriko dabezalarik. Blogak sortu eta erabiltzea erraza dala ikusirik, ikasgai desbardinetako hainbat irakasle hasi dira blogintzan. Horretarako, adituagoak diran irakasleen praktika onak ikusteko aukera izan dogu eta aldatzeko hain errazak ez ziran ikasgaiak biziago bihurtu eta ikasleen parte hartzea eta emaitzak hobetu daitekezala konturatu gara. Blogen bidez, irakaslearengandik ikaslearengana joian noranzko bakarreko jakintza- fluxua, jakintza bihurtzen da, bai ikasleengandik irakaslearengana bai alderantziz.

Aurten, iaz be erabili zan tresna hau erabili, sustatu eta orokortu egin gura da (Lehen eta Haur Hezkuntzan be bai). Programa honek mota metodologiko guztietako galderak egiteko aukera emoten deutso irakasleari, honek sarean jarri eta ikasleek euren etxeetatik zein proiektagailuaren bidez gelatik arbelean erantzuteko aukera izango dabe. Ikasleek euren lana zuzendu edo erabiltzeko laguntza jaso ahalko dabe. Irakasleari ikasleak egindako lanaren barri estatistikoki emongo deutso, zein ataletan emon dauan denbora gehiago edo izan dauan arazorik larriena adieraziz, ikasleei modu erginkorragoan lagundu ahalko deutsolarik, eta ez orain arteko moduan azken azterketa idatzi baten emaitza bakarrik ikusirik ikaslea baloratu. Irakaslearen lana, ohiko azterketa bat prestatzea bezalakoa izango da baina jasotzen dauan informazioa eta emaitzak gehiago izango dira; Gainera, ikasleei lanak formatu honetan egitea erakargarriago egiten jake.
Etapa honetan lantzen diran beste aplikazio batzuk honeexek dira: interneteko simulazioen erabilera, orrialde didaktiko zehatz batzuen erabilera, bisita birtualak...

-Hezkuntza- komunitate guztiaren arteko komunikazioen gehikuntza eta hobekuntza.

Begoñazpi Ikastolak, badaki ikasleen formakuntza ez dala akademikoa bakarrik, horren adibide hezkuntza ez-formalaren proiektua dogu, pertsona osotasunean hartu behar dala eta ikaste-irakaste prozesuan parte hartzen daben guztiek, irakasleek, ikasleek eta familiak, garrantzia dabela azpimarratuko dogularik.
Aurretik aipatutako hiru bide honeek bertakotzeko lanean gabilz eta bide desbardinak erabiliz, guztiak ez dira teknologia barrietakoak, lortzekotan gagozala emoten dau. Iaz, kanpoko enpresa batek kudeatzen dauan eta Ikastolako lana aurrera eroateko balio deuskun plataforma digitala erabiltzeko baimena sinatu zan. Plataforma honek, komunikazioak eta hezkuntza-metodologia barriei erantzutea ez ezik, datuen pribatutasuna eta segurtasuna izatea be ziurtatzen deusku; ekintza honeei, bai kanpoko ihardesteko-zerbitzarietan bai Datuak Babesteko Legean eutsiko deutsielarik. Plataformak, ikasleen formakuntzan dala, Ikastolako kudeaketan dala,
egun doguzan tokiko zerbitzariak iztea eta doguzan hainbat aplikazioa baten batzea ahalbideratuko deusku. Ziur gagoz, Alkarreragilea dan Plataforma (GIC) honek, ikasleen formakuntza prozesua hobetuko dauana, bide sendoa eta eraginkorra da eta.

Familiakaz, gelan zeozer gertatzen dan une berean jarriko gara harremanetan. Ikaslea gelara berandu heldu edo etorri ez dalako, zein gelan izan dauan jarrera egokia edo desegokia izan dalako, zein etxerako lanik egin ez daualako. Gurasoek, eta ez ikasleek, egunero orduz orduko etxerako lanen barri izango dabe. Ikasleak ez doguz jakinaren gainean jarriko, euren erantzukizuna be garatu beharreko arloa baita.

Ikastolak antolatzen dauazan ekitaldien barri be izango dabe gurasoek, kontuan izanik informazioa danentzat dan edo maila desbardinetako ikasleentzat dan; seme- alaben adinerako egokitutako links interesgarriak edo interesgarriak diran barriak be argitaratuko dira…


Ikasleei jagokenez, esan beharra dago honeek dabezan ikasgaiak beste taldetan egongo dirala eta blog baten egiten dan bezala lan egingo dabela: euren artean eta irakasleagaz komunikazio zuzena izango dabe, dokumentuak argitaratu eta kudeatu egingo dabez, interesgarriak diran linkak erabiliko dabez, barriak, foroak, agenda, lanak emoteko postontzia eta gaiagaz zerikusia daben, ikasgaietako blogen eta azterketa edo etxerako lanen programetara loturak izango dabez.

Hauxe da etorkizuna. Bertan dogu. Gogoratu: danok gara partaide!

Beste proiektuak

© 2009 BEGOÑAZPI IKASTOLA | Jesús Galíndez etorbidea, 15 - 48004 BILBAO

Tel. (+34) 94 400 53 00 | Fax. (+34) 94 400 53 01

Email. ikastola@begonazpi.net

Garapena: Uvedoble Studio, S.L.

Zilarrezko Q-aEFQM sariko finalistaEusko Ikastola BatzaEleizbarrutiko ikastetxeak