Ikasle kopurua handituz joian urtez urte, Karmelo kaleko eraikinean ez egoan leku nahikorik danontzat; Horregaitik, eraikin barri bat egitea erabaki zan.
Banketxe eta eraikuntza enpresa batzuekaz izandako alkarrizketek aurrera egin ez baeben be, Txurdinagan toki egokia aurkitu zan. Bertako jabeakaz ados jarri ondoren, proiektua edo egitasmoa aurkezteko asmoz Lázaro Anasagasti etxegileagaz berbetan hasi ziran. Adostutakoa honako hau izan zan: Santutxuko lurrak, Txurdinagan behar eban kalitate eta zabalkuntzaz, Ikastola barri baten truke.
Anasagasti jaunak onartu eta berak erosi ebazan lurrak, baimenak lortu eta eraikin barriaren gastuak be ordainduz. Elizbarrutiko izapideetan egun batzuk emon ostean, Karmelo Etxenagusiak, bikarioak, behar zan dokumentazioa prestatu ondoren, Vaticanoak baimena emoten eban idatzia lortu eban. Idatzi hau eskuratu eta gero, gotzaitegiko bulegoetan adostasuna eta trukea sinatu zan.
1981ean , 11 hilabetetan Txurdinagako Begoñazpi Ikastola eraiki zan. Anasagasti eta bere taldea, Zuzendari taldea, guraso eta Gotzaitegiaren laguntza eta lanari esker amaitu zan dana. Handik aurrera Begoñazpiko izena barik, Begoñazpi izena hartuko dau (1970-71).
Ikastolak beti izan dauz bere zailtasunak, baina izandako eskakizunari esker beti egin dira apostuak, eta 1998an eskaintza zabaltzea erabaki zan lerro 2tik 3ra pasatuz eta gero 4ra, azkenik eskaintza bikoiztuz. Honi guztiari erantzuna emoteko zabalkuntza lanak (obrak) burutu dira, gaur egun dagoan moduan geratu arte, 11.000m2 baino gehiago daukazan 5 eraikin: Haur Hezkuntzako eraikin 1, Lehen Hezkuntzako eraikin 2, Bigarren Hezkuntza eta Batxilergorako beste eraikin 1 eta polikiroldegia 1, 20.000m2 baino gehiagoko lur sailak.
2005/06 ikasturtean Ikastolan 1.193 ikasle dagoz, 77 irakaslek eta administrazio eta zerbitzuetan 5 pertsonek egiten dabe lan; beste enpresa batzuetako beharginen lana be kontratatzen da, ikasleak jagoteko, jantoki, sukalde zein eraikinen garbiketa lanetan jarduteko; gaur egun, Begoñazpin guztira 100 langile baino gehiago dago lanean.
Ikastolak izena izatea lortu dau eta 35 urteko izen eta izateari esker merezitako aintzat hartzea jaso dau, hau guztia mantendu gura dau, hainbeste urtetako lanari esker lortutakoa egunez egun hobetuz. Helburu hau lortzeko, proiektu barrien garapenak, irakasleen formakuntza eta gaurkotzeak, kalitate kudeaketaren sistema martxan jartzeak, eleaniztasunak, Europako ikastetxeakaz proiektuetan parte hartzeak, e.a. gure hezkuntza komunitatea osotzen daben sendiek gure Hezkuntza Proiektuan parte hartzea bideratzen dabe.

© 2009 BEGOÑAZPI IKASTOLA | Jesús Galíndez etorbidea, 15 - 48004 BILBAO
Tel. (+34) 94 400 53 00 | Fax. (+34) 94 400 53 01
Email. ikastola@begonazpi.net
Garapena: Uvedoble Studio, S.L.