2023/2024 IKASTURTEA

Irakurgaia: eskerrik asko kreazioaren opariagaitik

Irakurgaia: eskerrik asko kreazioaren opariagaitik


Etxean urten barik egoteko sasoia amaitu da. Bertan dogu uda, oporretan mendiaz, hondartzaz… gozatzeko urtaroa. Naturaren edertasunaz eta handitasunaz galdetuko deutsagu geure buruari… Nork sortu ete dau hau guztia? Nork oparitu deusku bertan bizi eta gozatu ahal izateko mundo hau?

Sortutako guztia, Jainko Aitaren oparia da. Mundua, pozik bizitzeko eta danon artean zaintzeko emon deusku. Kristauok, fedez irakurri eta ulertu behar dogu arbasoengandik jaso dogun kontakizun hau:


Irakurgaia:

Itxi egizuz begiak indarrez, indar handiz.
Dana dago ilun.
Orain belarriak estali. Dana isilean.

Aspaldi, orain dala asko, mundua hasi baino lehenago, dana egoan ilun, dana egoan isilik.

Ez egoan jenderik…
Ez txoririk.
Ez animaliarik.

Orduan, Jainkoak egin eban berba:
- Izan bedi argia! Izan daitela eguna! Izan daitela eguzki distiratsua!
Eta izan zan argia.
Eta argia oso ona zan.

Jainkoak gauberako itzi eban iluntasuna.
Eta Ilargia eta izarrak sortu ebazan ilunpean argi egiteko.
Ha be ona zan.

Esan eban Jainkoak:
-Izan daitela zerua… Eta Lurra… Eta itsasoa.
Eta holantxe gertatu zan.

Baina mundua oraindino hutsik egoan, isilik.

Horregaitik esan eban Jainkoak:
- Orain landarak behar doguz.
Eta lehenengo bedarrak hazten hasi ziran.
Handik gitxira lorak eta zuhaitzak sortu ziran, honeek be jateko onak.

Baina ez egoan hareek nork gozatu.

Horregaitik, barriz egin eban berba Jainkoak. Eta Jainkoaren berbeagaz batera, itsasoa arrainez eta uger egiten eben izakiz bete zan. Zerua distiraz bete eben txorien hegoek. Eta mota guztietako animaliek bete eben mundua.

Eta azkenean, zarata heldu zan!

-Txio! Txio! Txio! –txoriak pozez kantari.
Animalia bakotxak bere soinua egin eban lehen aldiz. Desbardinak ziran danak.
-Ia! Ia! Ia! –inoan astoak arrantzaka.
-Zaunk! Zaunk! Zaunk! –txakurrak zaunkaka.

Baina Jainkoak, oraindino, ez eban guztia eginda.

Jainkoak egindako mundu eder eta Barrian, jendea behar zan: mundua zaintzeko jendea, munduaz gozatzeko jendea. Jainkoaren moduan, pentsatzeko eta sentitzeko ahalmena eban jendea, lan egiteko jendea.

Horregaitik, Jainkoak lehen gizona eta lehen emakumea egin ebazan, mundua zaintzeko, batak bestea zaintzeko eta Jainkoa maitatzeko gizakiak. Gizonak Adam eban izena eta emakumeak Eva.

Hasieran, mundua barria zanean, dan-dana zan ona. Eta Jainkoa pozik egoan.
Horregaitik, hainbeste lan egin ostean, egindako guztiaz gozatzeko, Jainkoak atseden hartu eban.

 

Hondartzan edo mendian eguna pasatu ostean: 

- Edertasuna non edota zertan ikusi dogu gaur? Loretan, zuhaitzetan, animaliaren baten, paisajean…

- Zer egin daikegu natura jagoteko?

 

Jaunaren ura, Maite Losadaren abestia: https://youtu.be/afy5iG8YK6I

 

ESKERRIK ASKO, JAINKO AITA-AMA,
KREAZIOAREN OPARIAGAITIK,
EGUZKI, ILARGI ETA IZARRENGAITIK,
MENDI ETA ITSASOAGAITIK,
ZUHAITZ ETA LORENGAITIK,
URAGAITIK,
ESKERRIK ASKO, DANA OSO EDER EGIN
DOZULAKO.
LAGUNDU EIGUZU BETI
DANA MAITATZEN ETA JAGOTEN.
 

ARGAZKI GALERIA

Irakurgaia: eskerrik asko kreazioaren opariagaitik