‘Science’, Begoñazpi Ikastolako ibilbide zientifikoa, zientzia ulertzeko modu praktiko eta motibagarria

‘Science’, Begoñazpi Ikastolako ibilbide zientifikoa, zientzia ulertzeko modu praktiko eta motibagarria

Azken urteotan, Begoñazpi Ikastolan zientziak –natura eta gizarte-zientziak ezeze, horreen ikaskuntzak be- jauzi nabarmena emon dau. Barriro be, arlo honetako hezkuntzak, Ikastolan garatzen dan Ulermenerako Irakaskuntzagaz bat eginik, ikaslea ikaskuntzaren oinarri eta ardatz izango dau, honi edukien ulermenean aurrera egiten lagunduko deutsien beharrezko tresnak emonez.

Lehen Hezkuntako ohiko natura eta gizarte-zientziak eta Bigarren Hezkuntzako geologia, biologia, kimika eta fisika bezalako ikasgai espezifikoak, Begoñazpi Ikastolan teoria baino askoz gehiago dira. Adibidez, ingelesez egiten dan ‘Science’ ikasgaia, hezkuntza ulertzeko beste modu bat da orain. Ikastolak ezarritako metodologia barri honek, ikasleei aztertu, interpretatu, testuinguruak ulertu eta ezagutzak edota ikasitakoa, modu koherentean erabiltzen lagunduko deutse. Hau da,ikasi eta ulertu egingo dabe.

Sergio Fernández arduradun pedagokikoak argi eta garbi azaldu dau: “Zientzia eta betiko natura eta gizarte-zientziak bezalako arlo espezifikoetan beharrezkoa zan ulermena sustatuko daben metodologiak ezartzea. Hau guztia, modu dinamikoan eginik, ikasleek honen erabilera zein dan jabetu eta ikasiko dabe”.

Begoñazpi Ikastolan ingelesez egiten dan ibilbide zientifikoa Lehen Hezkuntza 3. mailan hasten da. Umeak norbere eta praktikoak diran materialakaz murgilduko dira edukietan. Materialok, hirien, elementu geografikoen zein giza gorputzaren eta honen funtzionamenduaren ezaugarriak eta arrazoiak ikusaraziko deutsiez.

Lehen Hezkuntza 5. mailan, ikerketan oinarritutako ‘Sciencie Bits’ metodoari esker, ikasleek zehaztasun handiagoz ekingo deutsie lanari, azken baten, ulermena erdiesteko, praktikaren eta esperimentazioaren bidez ikasiko dabe eta. Hau, ikaskuntza konstruktibista deritzona da; honek, buruz ikaste (memorizatze) sinpleari uko egingo deutso eta esperientzia eta esplorazioa izango dauz gidari.

Horregaitik, Bigarren Hezkuntza osoan garatzen dan metodologia honek ikaskuntzaren 5 E-ak dauz oinarri: Engage, Explore, Explain, Elaborate eta Evaluate (Erakarri, Esploratu, Azaldu, Landu eta Ebaluatu).

Engagea. Prozesuaren lehen eta oinarrizko atala da, helburua ikasleak erakartzea eta motibatzea ezeze, honeen jakin-mina piztea be izango da. Gainera, hori guztia, aurretik dabezan ezagutzetatik abiatuko da. “esaterako, DBH 1. mailako ume askok, gure hemisferioan uda danean, Eguzkia Lurretik gertuago dagoala uste dau. Horregaitik, hasi orduko, ikasleek aldez aurretik gaiari buruz zer dakien jakin behar dogu, dakiena zuzena ez bada, txarto dagoala ikusarazi eta azalduz, zuzendu ondoren, ezaguera/jakintza eraikitzeari ekiteko”.

Explore. Ikertu, esperimentatu, ezagutu, aztertu… Ikasleak dira protagonistak. Euren kabuz hasten dira informazioa jaso eta ezagutzen.

Explain. Azalpena. Irakasleek ikasleei ikertu dabena egiaztatzen laguntzeaz gain, ikasgaian aztertzen diran kontzeptu eta ideiak be azalduko deutsiez.

Elaborate. Ikasleek, landutako edukiak oinarri izanik, arazo errealei konponbideak bilatu eta emongo deutsiez. Holan izanik, prozesu honen bidez, ikasketa bisuala, erakargarria eta praktikoa izango da. "Bideoak, simulagailuak, praktikak, laborategia bera... erabiliko doguz. Ikasleriak zientzia hainbat testuingurutan ikusi ezeze, hainbat modutan ezarri daitekela be ulertuko dau. Zientzia, arazoei urtenbidea zein konponbidea emoteko erabili daitekela ikasiko dau ", azaldu dau Fernandezek.

Evaluate. Ebaluazioa be desbardina izango da. Ez da galdera itxirik egongo eta ikasitakoari buruz hausnartzeko, benetako testuinguruetan aplikazio praktikoa bilatuko da.

Begoñazpi Ikastolan 2018-2019 ikasturteaz geroztik ezarri dan metodologiak dagoeneko erakutsi dau eraginkorra dala. Ikasleak zientziaren aplikazio praktikoak ikusteko gai sentitzen dira, horrela benetako arazoei irtenbidea emoteko.

Izan be, Science Ikastolan helburu praktikoa daben eta lantzen diran STEAM diziplinakaz (science, technology, engineering, art eta mathematics) bat dator. Horren adibide dogu Forensic bezalako zientifiko-teknologiko programa. Zeharkako proiektu honegaz, ikasleak ustezko krimen batetik abiatuko dira eduki zientifikoak ulertzeko; Batetik, EHUko Kristalografia programa dogu, bertan geologia, fisika eta kimika landu eta jarriko dabe martxan; Bestetik, robotika eta teknologiako barne lehiaketa dan n dogu; baita First Lego League be, robotika, zientzia eta teknologia nazioarteko lehiaketa. Ba, hezkuntza programa honeetan, neska-mutilek ikasgaiaz harago, dakiena eta ikasi dabena erakusten dabe.

 “Ikusi eta ikasitakotik urrun dagoan eszenatoki baten, landutakoa aplikatzeko gai dirala atzematean ziurtatuko dogu ezagutzak barneratu dabezala. Aldaketa hori egiteko gai badira, benetan ikasten ari dira” azaldu dau Julen Kortajarena Begoñazpi Ikastolako STEAM arduradunak.

Programa honeetan, urtez urte, ikasleek ikasitakoa praktikan jarri beharko daben arren, harago be joan beharko dabe, hainbat ikasgai izango dabezan zeharkako proiektuak garatuz. Lehen Hezkuntzan zein Bigarren Hezkuntzan, zeharkako hezkuntza programa honeek, ikasleen ulermenerako eta motibaziorako itzelezko ekarpena izango dira.

Ikasturte honetan, hain zuzen be, First Lego Leaguen Ikastola ordezkatu dauan DBH 4. mailako Goalvolution taldea, zientzia, teknologia eta robotikari buruzko lehiaketan munduko finalera heldu da. Ikastolako hezkuntza ereduak zientziaren eta STEAM diziplinen inguruan dauan eraginkortasunaren adibide garbia.

Azken hilabeteotan,–erakundeak proposatu dauan moduan- kirol-jarduera hobetzeko eta ohitura osasungarriak sustatzeko konponbide bat lantzen ibili dira. Ustezko arazoa antzeman eben: goalballean, itsuentzat eta ikusmen desgaitasuna daben pertsonentzat sortutako paralinpiar kirolean, orientazioa hobetu eitekean.

Lanari ekinez, ustezko urtenbidea aurkitu eben, jokalariei berrorientzatzen lagunduko deutsen gailu teknologikoa, eskumuturrekoa. Hainbat plataformakaz lan egin eben eta programazio-lengoaiaren bidez, behar eben eredua aurkitu eben. Eskumuturrekoak, goian dauan kamara baten laguntzaz, bibrazio txikiak transmititzen deutsez jokalariei, pistan kokatzen laguntzeko eta zelaiaren mugak gainditzeko zorian dagozanean jakitun jartzeko.

Mundu osoko 20 proiektu lehiatzen diran First Lego Leagueko Global Innovation Award finalera, Europa osoan, Norvegiako proiektu bat eta Ikastolakoa baino ez dira heldu.