Historia
Ikastolen mugimenduak, hainbat euskaltzale borondate onekoren ahalegin eta beharretan oinarritu, eutsi eta iraun dau. Hasieran ikastolak era autonomoan sortu ziran, ia-ia koordinaketa barik. Baina bultzatzaile taldeen solidaritateari esker, errotu eta indartuz joan ziran.
1965ean, Euskal Herrian 29 ikastola egozan; 70ean 103 eta 80an 242raino heldu ziran. Bizkaiako kasuan, batez be, euskal eskolen lehen aztarnak 1896an doguz. Resurrección María de Azkuek, ''Ikastetxe'' izenaz ezagutzen doguna sortu eban. Geroago, 1908 eta 1914 bitartean, Bilbon beste eskola batzuk be sortu ziran.
Ikastolen sorkuntza eta ondorengo garapenaren mugimendua ulertzeko ukaezina da azpimarratzea Euskal Elizak izan dauan garrantzia norberaren gizarte eta kultura ideien eraikuntza eta defentsan. Apurka-apurka ikastolek euskera hutsean lan egin behar eben defendatzen eban ideia zabalduz eta indartuz joan zan baina, baita kristau printzipioetan oinarritutako izatearena be.
Goian aipatutako ezaugarriak dauzan ikastetxe baten adibide argia Begoñazpi Ikastola dogu. Begoñazpik bere bidea pausuz pausu egin dau, ez da noraezean presaka ibili, baina ez dau bidean loak hartu. Filosofia zehatz baten inguruan oinarritu eta gorpuztu da baina beti beste filosofienganako errespetua erakutsiz: baldintza, fede kristauan oinarritutako hezkuntza euskeraz izatea izan da baina beti be geure euskalkian, BIZKAIERAZ.
Ikastolek orokorrean eta Begoñazpik, lehen pausuak isilpean emon behar izan ebezan,orduan legeak onartzen eban hizkuntza bakarra gaztelania zan eta. Egoera halakoa zala, Elizaren ezikusi eta babesari esker lehen Ikastolak gorpuzten joan ziran.
Diktadura garaian euskaraz irakastea debekatuta eta zigortuta egon arren, Euskal Eliza Katolikoaren babesari esker gerra ondoko ikastolen mugimendu izugarria hasi zan.
San Nicolás parrokian, 1957an hasi ziranlehen aldiz umeei euskaraz irakasten, baina urte berean amaiarazi ebezan ikastorduok. Hurrengo ikasturtean Iralabarri konbentuan hasi ziran barriro euskeraz irakasten. Dana joan beharreko ildotik joiala pentsatzen zanean, 1959/60 ikasturte amaieran, Gobernadore Zibilaren aginduz Ikastola zarratu egin zan baita euskeraz irakasteagaitik andereño bi atxilotu be.
Ikastolen mugimendua aurrera joian eta umeek etxe partikularretan ikasten eben 1966 arte, urte haretan Resurrección María de Azkue Ikastola sortu zan eta 1968an Santiagoko Parrokiako Ikastola, Loteria Kalean, 2 zenbakian; gero Banco de España kaleko 3 zenbakian, 3. pisuan egon zalarik.
1970ean guraso talde batek, Josune Cearra eta Sabin Zubiri buru zirala, Bilboko ikastolen mugimenduan parte hartzen ebala, Bilboko Gotzaitegiagaz harremanetan jarri ondoren hezkuntza ikastetxea sortu zan, Begoñazpiko Ikastola izenaz orduan, Asuntziotar erlijiosek Bilboko Karmelo kalean, 13an, euken konbentuan; bere izen ofiziala parrokiako eskola izan zan.
Orduko Jose Mª Cirarda apezpiku jaunaren eta Gotzaitegiko beste ordezkari batzuen parte hartzea guztiz garrantzitsua izan zan Ikastolaren sorrerarako. Gotzaitegiak Berrizko monja merzenaria zan Libe Altuna izendatu eban Ikastolako zuzendari. Begoñazpikoko lehen andereñoak Lina Arejo. Clotilde Caminos eta Estibalitz Beistegi izan ziran. Eurekaz batera, laguntzaile lanetan Nati Irigoien, Miren Garamendi eta Maria Luisa Llonak jardun eben.
Hasierako Begoñazpikoko 13 ikasleen izen abizenak hurrengoak izan ziran: Agustín Altamira Usunaga, Mikel de la Cámara Mendizabal, Xabier Estévez Mendizabal, Pablo García Sagarna, Victor de Diego Mendizabal, Amaia Gorbi Arkaute, Ibone Goiri Llodio, Idurre Latxaga Mimentza, Heidi Moragues Zubiri, Iñaki Murua Anzola, Iñigo Ordozgoiti Fonseca, Ana Ramos Urkia eta Gaizka Renteria Larandagoitia. Ikasturte amaierarako ikasleen kopurua handituz joan zan.
Eraikinaren behealdeetan, egoera txarrean egozan eskola nazional bateko ikasgelak egozan. Beheko solairuan La Natividad de Nuestra Señora parrokia egoan, bertako parrokoa Luis Lasuen abadea zan, berau izan zan Ikastolako lehen erlijio irakaslea. Begoñazpikoko Ikastolako beste izen berezi bat Leo Lázaro langilearena izan zan, jubilatu arte bertan iraun eban beharrean.
1977ko ekainean, 13 ikaslek OHOko ikasketak amaitu ebezan. Hain gertakizun garrantzitsua ospatzeko, Bilboko apezpiku ordeak, Juan Mª Uriarte jaunak, zuzendutako ospakizuna antolatu zan.
Ikasle kopurua handituz joian urtez urte, Karmelo kaleko eraikinean ez egoan leku nahikorik danontzat; Horregaitik, eraikin barri bat egitea erabaki zan. Banketxe eta eraikuntza enpresa batzuekaz izandako alkarrizketek aurrera egin ez baeben be, Txurdinagan toki egokia aurkitu zan. Bertako jabeakaz ados jarri ondoren, proiektua edo egitasmoa aurkezteko asmoz Lázaro Anasagasti etxegileagaz berbetan hasi ziran. Adostutakoa honako hau izan zan: Santutxuko lurrak, Txurdinagan behar eban kalitate eta zabalkuntzaz, Ikastola barri baten truke.
Anasagasti jaunak onartu eta berak erosi ebazan lurrak, baimenak lortu eta eraikin barriaren gastuak be ordainduz. Elizbarrutiko izapideetan egun batzuk emon ostean, Karmelo Etxenagusiak, bikarioak, behar zan dokumentazioa prestatu ondoren, Vaticanoak baimena emoten eban idatzia lortu eban. Idatzi hau eskuratu eta gero, gotzaitegiko bulegoetan adostasuna eta trukea sinatu zan. 1981ean , 11 hilabetetan Txurdinagako Begoñazpi Ikastola eraiki zan. Anasagasti eta bere taldea, Zuzendari taldea, guraso eta Gotzaitegiaren laguntza eta lanari esker amaitu zan dana. Handik aurrera Begoñazpiko izena barik, Begoñazpi izena hartuko dau (1970-71).
Ikastolak beti izan dauz bere zailtasunak, baina izandako eskakizunari esker beti egin dira apostuak, eta 1998an eskaintza zabaltzea erabaki zan lerro 2tik 3ra pasatuz eta gero 4ra, azkenik eskaintza bikoiztuz. Honi guztiari erantzuna emoteko zabalkuntza lanak (obrak) burutu dira, gaur egun dagoan moduan geratu arte, 11.000m2 baino gehiago daukazan 5 eraikin: Haur Hezkuntzako eraikin 1, Lehen Hezkuntzako eraikin 2, Bigarren Hezkuntza eta Batxilergorako beste eraikin 1 eta polikiroldegia 1, 20.000m2 baino gehiagoko lur sailak.
2005/06 ikasturtean Ikastolan 1.193 ikasle dagoz, 77 irakaslek eta administrazio eta zerbitzuetan 5 pertsonek egiten dabe lan; beste enpresa batzuetako beharginen lana be kontratatzen da, ikasleak jagoteko, jantoki, sukalde zein eraikinen garbiketa lanetan jarduteko; gaur egun, Begoñazpin guztira 100 langile baino gehiago dago lanean.
Ikastolak izena izatea lortu dau eta 35 urteko izen eta izateari esker merezitako aintzat hartzea jaso dau, hau guztia mantendu gura dau, hainbeste urtetako lanari esker lortutakoa egunez egun hobetuz. Helburu hau lortzeko, proiektu barrien garapenak, irakasleen formakuntza eta gaurkotzeak, kalitate kudeaketaren sistema martxan jartzeak, eleaniztasunak, Europako ikastetxeakaz proiektuetan parte hartzeak, e.a. gure hezkuntza komunitatea osotzen daben sendiek gure Hezkuntza Proiektuan parte hartzea bideratzen dabe.