2023/2024 IKASTURTEA

BALOREAK BULTZATUZ, ETORKIZUNA ERAIKIZ

BALOREAK BULTZATUZ, ETORKIZUNA ERAIKIZ

Alkarbizitza hobetzeko eta pertsona gisa hazteko ikaskideen arteko ekimenak

Zelangoa da eraikitzen gagozan gizartea? Zelango etorkizuna gura dogu?

Gaur egun, hezkuntza munduan funtsezkoa da ikasleen zein ikasle- irakasleen arteko alkarbizitza egokia izatea. Ikaste-irakaste prozesua egokia izateko, Ikastolak alkarbizitza eredua garatu behar izan dau. Hau, neurri handi baten, ikasleen parte-hartze zuzenean datza. Beraz, edozein arlotan, konpetentzia bat garatzeko biderik zuzenena, parte-hartze zuzena izango da.

Ikasleen parte-hartze zuzena sustatu, bultzatu zein bermatzeko bidea, Ikasketa Zerbitzu programak oinarritzat hartzea izan da. Ikasketa Zerbitzu programa honek benetako beharrizan bati erantzuteko helburua dau eta horretarako ikasleak, curriculumaren bidez ikasitako arloren bateko jarduera solidario bat eginez, beste ikasle batzuen esku jartzean datza.

Aurten, ikasleen arteko alkarbizitza hobetzeko Ikasketa Zerbitzu programa bi erabiliko doguz. Bata, DBH4ko ikasleek  aurrera eroango daben ZIRIKIÑA izeneko programa. Honetan,  ikasleek astero ordu batez, eguerdian DBH1. eta DBH2. mailako ikasleen atseden orduan hainbat jarduera burutuko dabez: alde batetik, jolastokian bakarrik egon daitekezan ikasleen behaketa egingo dabe, beste alde batetik zezeiletik aurrera, ikasleentzat prestatuko diran hainbat txapelketa eta dinamika antolatu eta kudeatuko dabez.

Zirikiña programaren bidez, apurka-apurka, eguerdietako denbora hori dinamikoagoa izango da. “Azken baten, ikasleek euren giza-baloreak beste batzuen zerbitzura jarriko dabez”, azaldu dau  Ikastolako Nortasun koordinatzailea dan Aritz Luceak.  

Beste programa, DEITUAK programa da. Batxilergoko ikasle talde batek Ikastola barruan burutuko dau zerbitzua (beste guztiek Ikastolatik kanpoko zerbitzuetan lagunduko dabe, adibidez, hirugarren adinekoen egoitzetan edota Caritaseko hainbat zerbitzutan). Ikasle talde honetako ikasle bakoitzak, aurreko urtean DBHn ikasgairen bat gainditu barik daben ikasleei laguntza eskainiko deutso. Holan izanik, beharrizana daben ikasleek indartze-laguntza jaso ahalko dabe.

“Guk gidari deritxegun ikasleek, irakasleak bitarteko, ikasle gazteagoei gainditu bako ikasgaietan aurrera egiten lagunduko deutse; gainera, euren artean hartu-emona be sortu daitekela pentsatu dogu”, argitu dau Ainara Elorduik, Begoñazpi Ikastolako orientatzaileak.

Alkarbizitza moduko arloetan era horretako programak hain garrantzitsuak dira, non ikasleen parte-hartze zuzena bermatuko daben.

 “Ikasleek aurretik zein etorkizun daben, zelango gizartea nahi daben,  gizarte justuagoa eraikitzeko bakoitzak zer egin ahal dauan eta zertan lagundu daikean hausnartzea gura dogu. Horixe izango da Zirikiña edo Deituak programen oinarria”, azaldu dau  Ikastolako Nortasun koordinatzailea dan Aritz Luceak. 

Hau hasiera besterik ez da izan, bertatik bertara doguz beste era bateko programak be,  besteak beste, ikasleen parte-hartzea indartzeko  eta gure alkarbizitza eredua zaindu eta aberasteko programak.

ARGAZKI GALERIA

BALOREAK BULTZATUZ, ETORKIZUNA ERAIKIZ