Begoñazpi Ikastolak urte 2 eta 3 urtekoentzat dauan hezkuntza eredua: hezkuntza ibilbide arrakastatsua izateko, oinarri irmoak

Begoñazpi Ikastolak urte 2 eta 3 urtekoentzat dauan hezkuntza eredua: hezkuntza ibilbide arrakastatsua izateko, oinarri irmoak

Ikastolak hiru urteko ikastaldeetara hedatu dau urte biko taldeetan ezarritako planteamendu pedagogikoa. Adinera egokitu dauz instalazio barriak eta euren hezkuntzaren oinarriak jartzen dauan metodologia bat.

IRUDIAN KILKATU ETA IKUSI BIDEOA.

Eskolatzearen lehen urteak — 2 eta 3 urte — berebiziko garrantzia dabe umeen garapen integral kognitiboan, afektiboan edo sozialean. Horregaitik, Begoñazpi Ikastolak bere hezkuntza proiektuan adin honeetarako berariazko eredu bat txertatu dau, bere heziketa ibilbidearen oinarriak finkatzen dauazana. Bi eta hiru urtekoen taldeetan, funtsezkoak dira autonomia, konfiantza, segurtasuna edo esperimentazioa. Eta, era berean, pentsamendu logikoaren, arrazoiketaren, hizkuntzaren edo emozioen kudeaketaren oinarriak eraikitzen hastea.

Ikastolak betiko irakaskuntza-ereduak aspaldi itzi ebazan alde batera. Etena, pentsamenduaren kultura, adimen anizkoitz eta kudeaketa emozionalaren aldeko apustu sendoa eginez, hezkuntza-etapa guztietan, zeharka, egin eban. Ba, proiektu pedagogiko integralean egonkortuta dagozan hezkuntza ardatz honeek, daborduko, hezkuntzaren lehenengo urte bietan be badoguz.

Horretarako, Begoñazpik barruko hormak be apurtu dauz. Arkitektura barri honen ezarpena, urte bikoen ikasgeletan hasi zan. Azken baten, espazio gardenak sortu eta zentzumen zein kognitiboa dan esperimentazio, zirkulazio libre, jolas sinboliko, segurtasun, konfiantza eta praktika psikomotorrean oinarritutako hezkuntza eredu barritzailea bultzatu nahi zan. Informazio gehiago, hemen.

2023-2024 ikasturte honetan,  koherenteak izanik, eredua 3 urteko umeen geletara zabaldu da. Edo, hobeto esanda, orain garden, garbi, umeen familia-giro, atsegin, motibagarri eta adin horretakoek dabezan beharrizanetara egokitutako gune barrietara.

 

Beraz, hezkuntza gune barri hau, garatu beharko dabezan trebetasunetara ezeze, gaitasunetara be egokituta egongo da. Gainera, sustatu eta indartuko dabezan hainbat espazio izango dauz, besteak beste:

- Jolas sinbolikoa.

- Esperimentazioa.

- Arte-Praktika.

- Mugimendua (rokodromoa eta altuerako pasabideak).

- Irakurketa eta ulermena (liburutegia).

- Eraikuntzak (proposamen pedagogiko honen bidez, motrizitate xehea, matematika eta geometria-kontzeptuak... landuko dabez).

- Ilunpetan argiekin lan egitea.

- Altuerako gunea: ikasturtean zehar, hainbat gai lantzeko egokituta eta eskuragarri. 

- Gela bera. Hiru urteko hezkuntza guneak ikasgelak be badauz (banatutako guneak). Bertan, umeek, banan-banan errutinak, komunikazioa...landu ahalko dabe. Mahaiak izango dauzan gunea izango da.

Honek guztiak, kolore neutroak, gune argiak, kristala, egurra…izango dau. Hori dala eta, ikasgelako arkitektura erosoa izango danez, etxean egongo balira bezala egongo dira. Aldi berean, Begoñazpi Ikastolan ezartzen dan VEC-BE kudeaketa emozionaleko ereduak agintzen dauan jakin-min, mirespen, segurtasun eta poztasuna (JMSP) bezalako emozio egokituei hurbiltzeko modua be izango da.

Izan be, emozio horreek ereduaren beste ardatzetako bat dira. Horregaitik, familiek be euren lekua eta garrantzia izango dabe. Adibidez, daborduko urte biko geletan egiten daben moduan, ordutegi malguari esker, gurasoek umeei laguntza emon ahalko deutsie, gelan sartu, prestatzen lagundu eta naturaltasunez agurtu ahalko dabez. Eta jakina, JMSP egoeran (C.A.S.A.) dagozala sentituko dabe.


.

Hezkuntza-ibilbidean, beste urrats bat

Umeek hiru urte dabenean aldaketa izaten dabe, aurreko urteetan baino gehiago mugituko dira eta  ezagutza, gaitasun eta errutina barriak eskuratuko dabez. Beraz, adin honetarako zabaldu dan gune barriak, mugimendurako eremu zehatzak gehitu dauz, beste batzuen artean, motrizitatea sustatu zein sendotzen dauan rokodromoa eta katamarka ibiltzeko altuerako zenbait pasabide.  

Era berean, 3 urtekoen ikasgeletan, ikasleen garapen kognitiborako kontzeptuak eta materialak be sartu dira, adibidez, liburutegia. Honetan, txikiak ipuinetan eta antzezlanetan murgilduko dira. Beste adibide bat, esperimentaziorako mahaiak izango dira; honek ikasleak errutinetan sartzen gonbidatuko dauz, beste pauso bat izango dalarik. 

Holan dala, neska-mutilei zuzendutako Begoñazpi Ikastolaren ereduak hauxe sustatuko dau:

1.- Autonomia. Pertsonala, motorra eta kognitiboa. Jolas sinbolikoa, zirkulazio librea, psikomotrizitatea, esperimentazioa...bezalako baliabideak erabiliz.

2.- Banan-banako lana. Taldeka banatuko dira, talde bat hizkuntza eta matematika gaitasunak, musika edo ingelesa lantzen hasten dan bitartean, beste talde bat zirkulazio librean ibiliko da. 

3.- Ume bakoitzaren erritmoak eta gustuak errespetatuko dira.

4.- Irakurketa. Hezkuntza gunean jarritako liburutegia baliabide bikaina izango da.

Horrek guztiak,  3 urtekoen ikaskuntza bitarteko urratsa izatea eragingo dau, urte 2 eta 4 urte bitartekoei egokitua, modu autonomoagoan eta indibidualizatuagoan lan egitea eragingo daualarik.

Errutinak

Sartzeko ordutegi malgua izanik, 3 urtekoen taldeek tutoreagaz emongo deutse hasiera egunari, hau da, eguneroko errutinak lantzeaz gain, (makinista, eguraldia, menua…) ipuin, abesti, esaera zahar, olerkien bidez, hizkuntza-estimulazioa be jorratuko dabe.

Jolas-ordua izan ondoren, hamaiketako osasungarriaren ordua izango da, Begoñazpi Ikastolan fruta jango dogu. Hona hemen esteka:

Jarraian, taldeka, modu pizgarrian eta une berean, ikasgelako lana egin eta zirkulazio librea izango da. Argiek adieraziko deuskue itxita edo zabalik dagoan. Holan hasiko dira ikasleak arauak erraz-erraz eta logikaz ulertzen.

Andereño edo maisua lagun dabela, taldeek banan-banako egitura bati jarraituz lan egingo dabe, parte hartzea areagotuz eta ikasketa sustatuz nahiz sendotuz. Gehiagotan parte hartuko dabe eta euren ikaskuntza bultzatuko dabe. Zirkulazio librean, ostera, esperimentazioa, autonomia edo motrizitatea sustatuko dabe. Holan dala, euren erritmoak errespetatuko dira.

Arratsaldean, bazkalostean, ikasketa jakin bat sakonduko dabe, musika, ingelesa edota psikomotrizitatea bezalako ezagutza. 

Begoñazpi Ikastolak dauan proposamen pedagokikoak, 3 urtekoen ikasgeletara arrakastaz ezarritako urte bikoen hezkuntza eredua bildu eta eroan ez ezik, modu koherentean adin horretara egokitu be egin dau, maila batetik bestera igarotzea haustura izan beharrean, hezkuntza-ibilbidean bilakaera izan daiten.