Gune barriak hezkuntza proiektuaren zerbitzura

Gune barriak hezkuntza proiektuaren zerbitzura

Begoñazpi Ikastolak, hezkuntza proiektu barritzailera egokitzeko, hainbat instalazio barriztu dau. Metodologia barrietara egokituko dan arkitektura pedagogiko honek, proiektu, lan kooperatibo, bizikidetza edota ikasleen arteko hartu-emonen bidez lantzen dan ikasketa ahalbidetuko dau.

Azken urteotan, Begoñazpi Ikastolak dauan hezkuntza ereduak jauzi kualitatiboa egin dau. Hezkuntza komunitatean, batez be, irakasteko eran, bai esparru pedagogiko barriak, bai metodologia barriak txertatu, sustatu eta sendotuz. Gainera, barrikuntza hau guztia ikasgeletan be goitik behera sartu da. Hots, ikuspuntu fisiko zein arkitektonikotik, geletan eta hezkuntza guneetan bete-betean txertatuz.
Edukitzailea, edukia irakasteko ezinbestekoa izango danez, Ikastolak metodologia barrietara egokituko dan plan arkitektonikoa garatu dau. Horren ondorioz, ikasle eta irakasleek, Begoñazpi ereduaren ardatz diran pentsamendua eta ulermena garatzeko baliabide eta guneak izango dabez.
Arkitektura pedagogiko barri hau, Ikastolak aldez aurretik eginiko gogoeta batetik etorri da, hau da, gune barriei itxura emongo deutsien ideia sortze-prozesu batetik. Besteak beste, Lehen Hezkuntzako eta urte biko ikasgela, laborategi edo jolastokietan daborduko islatuta dagozan ideiak.

Urte bikoentzako hezkuntza guneak
Urte bikoen ikasgelak –hezkuntza gunea- Ikastolak dauan proiektu pedagogikoa garatzeko diseinatuta dagoz. Hemen, Begoñazpiko txikienek adimen anizkoitzetan oinarritutako ereduari ekinez ikasiko dabe.
Ahozko hizkuntza zein emozioen estimulazioa jorratu eta suspertzeko, guneen banaketak, zirkulazio librea erraztu eta tailer multisentsorialak edota erreferentziazko guneak izatea ahalbidetuko dau.
Urte biko ume baten ikuspegia, beharrezko bake, lasaitasun eta armonia erdiesteko hormak inguratzen dauzan baso, girotze zein koloreak bezalako osagaietan antzemango da. Adibidez, adin horretako umeei, txirrista batek, eskailerak beste ikuspegi batetik ikusteko modua emongo deutse.

Urte biko gelak

Psikomotrizitate gelak
Begoñazpi Ikastolako psikomotrizitateak, munduan ezagunenetakoa dan Aucouturier eredua dau oinarri. Hori dala eta, areto barriak praktika psikomotorrak zehazten dauzan irizpideen % 100 beteko dauz: dimentsio, material, tenperatura, ehundura, argiak… Honegaz guztiagaz, saio bakoitza kalitate-estandar altuan garatzea bermatuko da.

Haur Hezkuntzako jolastokia
Arkitektura pedagogikoak ikasgeletatik be urtengo dau. Horren lekuko, ikasturte hasieran prestatutako Haur Hezkuntzako jolastoki barria da. Umeek eurek dabezan trebetasunak maila gorenean landu eta jorratzeko, jolastokiak osagai naturalak eta artifizialak uztartuko dauz. Naturagaz hartu-emonetan dagoan gune honek hareatza, zuhaitz-azalez osotutako gunea eta bedar naturala dauz. Gainera, osagai artifizial batzuk be baduz, jolas gunea edo ikasgelatik kanpoko saioetarako harmaila, esaterako. Honek, aldi berean, modu atsegin eta ludikoan heziteko eta irakasteko aukera emongo deusku.
Modu horretan, kanpoko aldeagaz lotura atsegina eta estua izanik, jolastokiak txikien gizartekoitasuna hobetzea bilatuko dau. Era berean, sustatuko da jolasa eta naturarekiko hartu-emona.

Lehen Hezkuntzan, gelak zabalik
Lehen Hezkuntzako guneen plan zuzentzaileak, ikasgelak berrantolatu egin dauz. Hasteko, eraikineko solairu berean jarri dau maila bakoitza. Honek, hezkuntza koordinazioa hobetzen lagunduko daualarik. Gainera, maila bakoitzak bere hezkuntza gunea “gelak zabalik” deiturikoetan partekatuko dau. Honeek, beharrizanen arabera, berehala zabalduko diran manparaz banatuko dira. Horregaitik, “gelak zabalik” ulermen proiektuen bidez lan egiteko tresna apartak izango dira. Bertan, ikasleek dakiena, ikertu, ikasi eta alkarlenean partekatuko baitabe.
Neskato-mutikoek lurrean jezarrita be lan egin daien, berebiziko garrantzia izango dau intsonorizazio elementuek, girotze atseginak eta lurzoru epelagoak.

Agorak
Ikastolak Lehen Hezkuntzako eraikinean jarri dauazan ‘plaza’ irekiak dira. Ikasleek, bertan landuko dabez ikasleek ahozko adierazpena, aurkezpena eta proiektuen azalpena. Toki argi, zabal eta garden honek, altzari egokiak ezeze, etekina atera ahal jakon harmaila txiki bat be badau.

Oraingo hezkuntza proiektu honetan, gardentasuna, trenkadak kentzea, beirate handiak… ezinbestekoak dira. Honegaz guztiagaz, irakaskuntza motibatzailera gonbidatuko gaituen guneak sortuz, opakutasuna saihestu egingo da, esate baterako, komunetako konketak be agerian egongo dira.

Jantokia
Begoñazpi Ikastolak dauan proiektuak jantokian be eragina izango dau. Elikadura osasungarriaren planak, Haur Hezkuntzan batez be, gune atsegina dau oinarri; basoan egongo bagina bezala, mahai biribiletan bazkalduko dogu, bazkaltzearen esperientzia atsegina izatea zein ikasleen arteko soziabilitatea bultzatzea xede izanik.

Laborategiak
Konpondu eta barriztu barri, Batxilergoko laborategiak biologia eta kimikako lanak egiteko baldintza tekniko guztiak dauz. Altzari eta erreminta barriez gain, argi naturalak dauan garrantzia be nabarmendu behar da.

Liburutegi barria
Datorren ikasturtean, Begoñazpi Ikastolak, orain dala gitxi ezarri dan (NBIP) Nazioarteko Batxilergoko Bitarteko Ikasketen Programaren metodologiagaz bat datorren bai ikasi, bai argibide-eskaera egin, bai aholku-eske joateko areto barria izango dau. Liburutegi barri hau une oro liburuzainak, hau da, NBIPri egokitutako eta prestatutako irakasleak kudeatuko dau. Ikasleak, bakarka zein taldean lan egiteko, ikasketa-teknika eta irakurketa egokien aholkuak jasotzeko, informazioa hautatzeko eta ikasketak hobetzeko mota guztietako gomendioak bereganatzeko modua izango dau bertan.
Atal fisikoan, NBIPren helburuak lortzeko xedez, liburutegiak hainbat gune eta giro izango dau.

Jolastoki barriak
Ikastolan jolas-orduak be hezkuntza proiektuaren ardatz doguz. Hori dala eta, Begoñazpi Ikastolak jolastokian sozializazioa sustatu eta indartzeko baita gertatu daitekezan gatazkak saihesteko be, programa berezia dau.
Orain –udan lanak egingo dira-, jolastokiak jolas, sozializazio, gorputz hezkuntza, eskolaz kanpoko kirol edo atsedena hobetzeko antolatuko dira.
Lanek hainbat eremu hartuko dabe. DBH eta Batxilergoko jolastokiak, kirolerako eta ikasleen hartu-emonetarako guneak izango dauz. Alde batetik, beste kirol-jokaleku bat egongo da, eta arrapalen bidez, errazago helduko da bertara. Beste aldetik, ikasleen atseden zein hartu-emonetarako, lorategi-guneak eta bedar artifizialez egokituriko txokoak be izango dauz. Bide batez, inguru naturalagoa erdiesteko eta kutsadura akustikoa ekiditeko, zugaztiz inguratuko da. Eta aurrekoaz gain, pabiloi ondoan, aldagela barriak be egingo dira.
Bestalde, Lehen Hezkuntzako jolastokiak be erabarrituko dira. Eraikinaren aldamenean dagoan jolastoki berdeari aterpe barria jarriko jako, askoz zabalagoa, euria egiten dauanean babestuta egoteko. Bidenabar, lekua atseginago egin daiten, jolastokia garbitu eta konpondu egingo da. Patio gorriari jagokonez, kirol-jokalekuari hegaletik urik sartu ez dakion, goitik behera konponduko da.
Azken urteotan hezkuntzak jauzi handia emon dau. Eta ikuspuntu arkitektonikotik, hemendik aurrera be, eten bako hainbat aldaketa egongo dira. Gogoan izan, aldaketa honeek hezkuntza proiektuan, ardatz eta ezinbesteko dirala.