Eskutik: hobeto hezteko laguntza
Begoñazpi Ikastolako webgunean, plataforma pedagogikoa jarri dogu martxan. Honek, familiei zenbait kezka kudeatzen laguntzeko material, bideo, gida edota eskuliburuak dauz. Hausnarketarako, orientaziorako eta ikaskuntzarako gunea da.
Heztea ez da irakastea bakarrik. Besteak beste, laguntzea, entzutea, eustea eta alkarregaz bidea egitea da. Begoñazpi Ikastolan, eskolak eta familiak bat egiten dabenean, hezkuntza aberastu egiten dalakoan gagoz. Horren harira, ba, sortu da Eskutik, familiei laguntzeko plataforma pedagogikoa.
Eskutik, zalantzak sortzean edo kezken aurrean edota beste barik, geratu eta seme-alabek zer bizi daben hobeto ulertu gura dogunean, bertara jotzeko espazioa izango da. Hau da, ederra bezain konplexua dan heztearen eginkizunean, babestuta eta lagunduta sentitzeko espazioa.
Ikastola gela eta jolastokiak baino askoz gehiago da. Ikasle bakoitzari pertsona moduan hazteko helburua dauan ume, familia, irakasle eta adituz osotutako komunitate bizia da. Lehen pausoetatik, urte bira eta hemendik Batxilergoaren amaierara arte, hezkuntza-bidea egunez egun alkarregaz egingo dogu.
Begoñazpi Ikastolan familiak oinarri eta funtsezko izan dira beti. Ikastolako bizitza bizi izan dabe, seme-alabek zelan ikasten eta aurrera egiten daben, bertatik bertara ikustea ahalbidetzen daben uneak, hala nola, ospakizun, topaketa, jardunaldi solidario eta beste une batzuk be, partekatu dabez. Beraz, Eskutik hartu-emon horren jarraipen naturala izango da, hezkuntza zein emozioen esparruan be alkarregaz bidea egiteko beste urrats bat.

Ikastolaren webgunetik bertatik sartzen dan plataforma honen bidez, laguntza, orientabidea eta gainbegirada eskaini gura doguz. Ez da erantzun itxiak emoteko izango, ulertzen laguntzeko baino. Hau da, batzuetan familia modura nahastu edota kezkatzen gaituen zein segurtasun eza sortzen deuskuen egoerei izena jartzeko izango da. Izan be, heztea galdetzea, zalantzan jartzea eta bilatzea be bada.
Eskutik programaren bidez, familiek umeen nahiz nerabeen garapen, emozioen kudeaketa, bizikidetza, muga, autonomia edo familiako komunikazioari buruz hausnartzeko hezkuntza, psikologia eta gizarte arloko profesionalek sortu eta egiaztatutako bideo, berbaldi, alkarrizketa eta topaketak bezalako edukiak aurkituko dabez. Edukiok, epaitzeko barik laguntzeko pentsatutakoak izango dira.
Begoñazpi Ikastolan familiak oinarri eta funtsezko izan dira beti. Ikastolako bizitza bizi izan dabe, seme-alabek zelan ikasten eta aurrera egiten daben, bertatik bertara ikustea ahalbidetzen daben uneak, hala nola, ospakizun, topaketa, jardunaldi solidario eta beste une batzuk be, partekatu dabez. Beraz, Eskutik hartu-emon horren jarraipen naturala izango da
Eskutikplataformak hazkundearen parte diran eguneroko egoera horreei helduko deutse, hots, emozioen deserregulazio-une, frustrazio-aldi, garapenaren berezko aldaketa edo dana ondo doan galdetzea eragiten deuskuen jokabideei. Errespetu eta prebentziozko begiradatik, plataformak garapen-prozesu arruntak eta laguntza zehatzagoa behar izan daikien egoerak bereizten lagunduko dau.
Oinarrizkoa eta garrantzitsua, Familia
Eskutik ideia argi batetik abiatzen da: familia funtsezko hezkuntza-eragilea da. Inork ez dau ume bat egunero alboan dauanak baino hobeto ezagutzen. Ikastolak orientatu, lagundu eta ondoan egingo dau bidea, Dana dala, heztea konfiantzan eta alkarrizketan eraikitzen dan erantzukizun partekatua da.
Horregaitik, ba, Eskutikek entzun egin gura dau. Plataformak hezkuntza-komunitatearen errealitatera egokitzen jarraitu daian, familiek euren kezka, beharrizan eta proposamenak partekatu ahalko dabez. Alkarregaz bizi dogunetik eraldatuko dan espazio bizia izango da.
Lehen etapa honetan, Eskutik poliki-poliki garatuko diran hainbat arlo tematikotan antolatuta egongo da. Helburua ez da arin heltzea, zentzuz heltzea baino; edukiak zainduz eta familientzat benetan garrantzitsua danari erantzunez.
Azken baten,Eskutikek topalekua izan gura dau. Alegia, alkarregaz ikasteko, zailtasunak aurreikusteko, lagunduta sentitzeko eta Ikastola eta familien arteko lotura sendotzeko lekua. Pertsona osoak, seguruak eta munduari konfiantzaz begiratzeko gai diranak hezteko bidean izango dogun euskarria.
