Paperetik iPadera: digitalizazinoa, ikasketan ulermen-proiektuen bidezko eragile bereizgarria

Paperetik iPadera: digitalizazinoa, ikasketan ulermen-proiektuen bidezko eragile bereizgarria

Begoñazpi Ikastolak berea dauan Ulermenerako Irakaskuntzan oinarritutako eredu pedagokikoa dau, era berean, ikasketa geletara eroateko sistema esklusibo edo bakarra be landu dau. Testuliburu barik, ikasleek ikasketak aurrera eroan eta bideratu ahala, Ikastolako irakasleek sortutako eta digitalean tabletetan mamitu edota gauzatu diran ulermen-proiektuak landuko dabez. Hortaz, iPada izango da digitalizaturiko, bakarra eta geurea dan materialaren euskarria.

Ikastolaren ardatz pedagogiko nagusia dan pentsamenduaren garapena finkatzeko asmoz, Begoñazpi Ikastolako hezkuntza-proiektuak aurrerapausoak emoten jarraitzen dau. Azken baten, azken helburua Ulermena indartzea izango danez, Begoñazpi Ikastolak bere metodologia ulermen-proiektuetan datzan ikasketan oinarrituko dau. Harvardeko Unibertsitatean sortutako ‘Ulermenerako Irakaskuntza’ eta pentsamendua agerian jartzeko hainbat tresna (Visible Thinking edo Design Thinking) eredu izanik, Begoñazpi Ikastolak ikasleak ikasketako protagonista  dauzan, berea eta bereizgarria dan eredua abiarazi dau, arrakasta osoz gainera. Aipagarria da, prozesu honetan irakasleak gidari baino ez dirala izango.

Baina horretarako guztirako, Begoñazpi Ikastolak bere materialak sortu eta landu behar izan dauz. Ulermenerako Irakaskuntzan eta Ulermen Proiektuetan Oinarritutako Ikasketan ez da ohiko hezkuntza-baliabiderik erabiliko, hau da, ez da testulibururik erabiliko ez ohiko azterketarik egingo. Horreen ordez, Begoñazpi Ikastolak, ikasketarako gida moduan, proiektu bakoitzean erabiltzen diran ezagutzetara egokitutako eta Ikastolan bertan garatutako material digitalak erabiliz, berea dan eredu pedagogikoa eta barria ezarri dau.

Material honeek, hau da, proiektuak, goitik behera eta era digitalean, Ikastolako irakasleek sortu dabez. Horretarako, irakasleek Apple-ren software batez baliatu dira, hain zuzen be, iBook-Author deritxon azken bertsioaz. Holan, hiruhilekoan landu eta oso-osorik digitalizaturiko proiektu bakoitza, 5 urteko gelan (Haur Hezkuntzako 3. mailan) hasi eta LH 6. mailara (Lehen Hezkuntza 6. mailara) arteko maila guztietan itsatsiko da.

Begoñazpi Ikastolak eredu pedagogiko propio eta barria sartu dau, proiektu bakoitzean aplikatzen diran ezagutzetara egokitutako eta ikastolan bertan garatutako material digitalak ikasketarako gidatzat hartuta.

Irakasteko metodo honetan, digitalizazinoak eta iBook-ak sartzeak dauan garrantzia, Ikastolak ulermen proiektuetan oinarritutako ikasketan oinarrituko da, ohiko ereduetatik urrun. Eredu honek dauan helburuak, ikasleek landu beharreko gaitasunetan, trebetasunetan eta pentsamendu-motetan eragin eta  honeek azpimarratzeko jarraituko daben pausoei ekingo deutse, beti be ulermena izanik abiapuntua. (Gehiago ikasi ahal dozu hemen)

Zelan egin da?

Ikasleek eguneroko jardunean erabili beharko dabezan material digitalizatuek holan egiaztatuko dabe. Zelan egin da? Material didaktiko edota ikasmaterial hau, erabat digitala da eta Apple-ren iBook-a erabiliko dau. Ikastola osoan zabaldu dan eta hezkuntza-merkatuari eskainitako tresna honek, materiala alkarreraginean sortzea be ahalbidetuko dau.

Apple-ren iBook-ak konfigurauta dauan autoedizino-programak, lanak era bisualean eta erakargarrian argitaratu eta partekatzea ahalbidetuko dau. Arestian zehaztu danez, besteak beste, ulermen proiektuak lantzeko sortu diran material didaktikoak edota ikasmaterialak.

Baina ez hori bakarrik. Ulermen proiektuen ezaugarriak aintzat hartuta, irakasleek askoz be bisualagoak diran beste material batzuk be sortu ahal dabez; adibidez, bidaia-gidak, argazki-liburuak, ipuinak, irusidun eleberriak… Proiektuak digitalizatzea, iBooks-etan txertatzea eta ikasle eta irakasleen arteko alkarreragina ezinbesteko betebeharra dira metologia hau aurrera atara ahal izateko. Bestela ezinezkoa izango litzateke.

Beraz, iBooks honeetan txertatu dan proiektu bakoitzak, irakasleek oinarritzat erabiliko daben alde teorikoa ez eze, eginbeharrak be bilduko dauz, hau da, digitalizazinoak askoz be zentzu handiagoa hartzen dauan proiektuen alde praktikoa. Holan, ikasleak ikasketa alkarreraginean  garatuko dau, zelan ez, gidari-lanak egiten dauzan irakaslearen lankidetzaz.

Adibide praktiko bat, Lehen Hezkuntzako ikasleek bizi diran hiriari buruz landu behar daben hiruhileko proiektua da, bertako populazinoa eta honen ezaugarriak, eskaintzen dauzan zerbitzuak, Udala…hartuko dabez kontuan, hori guztia Begoñazpi Ikastolako komunikazino-hizkuntza, bizkaiera,erabiliz.Hona hemen  proiektuaren egitura:

 

 

1- Metodologia.

iBook-ean ulermen-proiektuen ikasketa metodologia eta edozein irakaslek edo ikastetxek bete beharreko jarraibideak zehaztu dira.

2- Ikonografia.

Fase, kontzeptu eta ikasketa-tresna ezbardinak identifikatzen dabezan irudiak.

3- Edukien blokeak.

Ikasketa-bloke bakoitza (populazinoa, udala, zerbitzuak…) hiru fasetan banatuko da: azterketa, ikerketa gidatua eta sintesia.

4- Amaierako proiektua.

Edukien bloke ezbardinetan ikasitakoagaz apurka-apurka eraikiz joango dan proiektua.

5- Norberaren Koadernoa.

Bertan, ikasleak bere gogoetak, ikasitakoa, ikasketaren garapena…bilduko dau.

 Oso emaitza pozgarriak

Emaitza ezin da hobea izan. Begoñazpi Ikastolak Eusko Jaurlaritzak emoten dauan Heldutasun Teknologikoan maila gorena ziurtatzen dauan Ziurtagiria lortu dau. Honek, eraldaketa digitala aurrera eroateko beharrezko baldintzak betetzen dauazala erakusten dau. Ikasle bakoitzak tablet bat dau, era berean, Ikastolak beharrezko datu-jarioa eta abiadura eskaintzen dauz.

Ikasleek ikasgaien digitalizazinoaz azaldu daben gogobetetzea 10 puntutik 9,1ekoa da, Ikastolan egindako inkesten arabera, gelan tresna digitalak erabiltzeari buruzko gogobetetzea 8,9koa. Ulermen-Proiektuetan Oinarritutako Ikasketaren metodologia burutzeko Begoñazpi Ikastolaren laguntza jaso daben ikastetxeek be, materialaren digitalizazinoarekiko gogobetetze-maila handia adierazi dabe.

Eta ez hori bakarrik. Ikastolako ikasleek lortzen daben garapen profesionala be maila handikoa da. Digitalizazino-prozesuan, ikasleei jakituria helarazteko eredurik egokiena zein dan aztertuz eta materialaz hausnartuz, irakaslea irakaskuntza-jardunari buruzko hausnarketa betean murgilduko da. Gainera, jakituria hori kudeatzeko beste irakasle batzuekaz lankidetzan jardungo dau.