Emozioen errusiar mendia kudeatzeko gida dibertigarria (behin betikoa)

Begoñazpi Ikastolak, ikasle zein irakasleei emozioak kudeatzen laguntzeko, Amets ikaslearen bizipenak kontuan hartuz, “Etxera Itzuli“ ipuina/liburua argitaratu dau. Honek, Lehen Hezkuntzako edozein neska-mutili izan daikezan emozioak antzeman eta doitzeko gakoak emongo deutsez.
Gaur egun, hezkuntza munduan, emozioen kudeaketa ezinbesteko prozesu pedagogikoa da, ikasleei emozioak antzematen eta unean unekoa, ondoen jatorkena hartuz. Hori guztia, , eskolako errendimendua ezezik, garapen pertsonala eta soziala be hobetuz, egunerokotasuna, estresa, eskolako nahiz familiako hartu-emonak hobeto kudeatzeko helburua izanik.
Begoñazpi Ikastolak orain dala hamar urte kudeaketa emozionalerako ezarri eban Roberto Aguado psikologoaren VEC (Lotura Emozional Kontzientea) ereduan oinarritutako programak, berea dan bide bati ekitea eragin eban. Hau, ikasleei laguntzeko zein identifikazioan eta adimen emozionalean sakontzean datza.
Orain, Bilboko ikastola honek, bai ikasleei, bai irakasleei emozioen errusiar mendia modu didaktiko, argi eta praktiko batean lantzen laguntzeko, beste urrats bat emon dau. Ipuin itxuran marraztutako liburu honek Ametsen, mutil zein neska, egoera emozionalak aztertzen dauz. Amets Lehen Hezkuntzako edozein ikasle izan daiteke. Pertsonaia honen bidez, ikasleek egunero – "eguneko edozein unetan" – bizi dabezan emozioak identifikatzen jakiteko gakoak jasoko dabez, bide batez, doitu ahal izateko.



“Etxera Itzuli “ipuina/liburua tresna bikaina izango da neska-mutilen emozioak eta unibertso emozionala ezagutu, aztertu, miatu, kudeatu eta lantzeko. Beste modu batean bada be, liburuak pertsona bat bahitzen dabeneko emozioak doitzen lagunduko dau eta behar izanez gero, emozio horreeetatik beste emozio batera urtetako modua be emongo dau.
Liburua, jakina, emozioak ez diran beste egoera edo sentsazio batzuekin ez nahasteko, emozio bat zer dan azalduz hasiko jaku. Hainbat iragazkiren bidez, umeei eta helduei bizi dabezan emozioak bereizten eta identifikatzen irakatsiko jake. Beraz, argi geratuko da, azken urteotan Ikastolak landu dauan moduan, ez dagoala emozio positiborik edota negatiborik, emozio atseginak, desatseginak edo mistoak baino. Holan, ba, tristura, nazka, amorrua eta bildurra emozio desatseginak izango dira; harridura eta errua emozio mistoak; jakin-mina, miresmena, segurtasuna eta alaitasuna, barriz, emozio atseginak.
Liburua, proiektu emozional guztiak bezala, harro egoteko modukoa da Ikastolarentzat. Hauxe adierazi dau Ikastolako orientatzailea dan Ainara Elorduik: "Neska-mutilek beti izaten dabe eskura liburua; eta askotan erabiltzen da. Eurek bizi izan dabezan esperientzietatik abiatzen diranez, norberaren eta ikaskideen emozioak oso modu naturalean identifikatuko dabez ".
Protagonista, Amets da
Horregaitik Ametsek, protagonistak, esperientzia emozional itzela biziko dau, Lehen Hezkuntza 4. mailakoek bizi izan dabenaren modukoa. Eurak izan dira, liburuaren bidez Ametsek biziko dauzan egoera emozional bakoitzari, testuinguru eta kasu zehatzak jarri deutsiezanak.



Adibidez, Ikastolara neskato barri bat heltzen danean, Ametsek honi buruz gehiago jakin gurako dau. Bere buruari nor dan, zein izen dauan, non bizi dan galdetuko deutso, uleari erreparatuko deutso, behin eta barriz begiratuko deutso… Une horretan, Ametsi esperientzia emozional osoan lagunduko deutson ipurtargi txiki bati esker, zer sentitzen dauan, bere gorputzak zelan erreakzionatzen dauan eta noiz gertatzen jakon jakingo dau: Sentitzen dozun hau jakin-mina da. Eta horretan sakontzeko, bere gorputzak zelan jokatzen dauan eta kasu honetan jakin-mina sentitzen dauanean, zelan erreakzionatzen dauan azalduko deutso.
Baina, jakina, emozio guztiak dira beharrezkoak: atseginak, desatseginak eta mistoak; guztiek lagunduko dabe. “Arazoa, emozio hori gehiegizkoa danean agertuko da baita geure burua bahituta ikusten dogunean be” adierazi dau Elorduik.
Momentu horretan beharrezkoa izango da “etxera” itzultzeko emozio horretatik urteten lagunduko deuskun antidotoa. “Trikimailua, inork bahitzen ez ixtea eta prest egon orduko, iparra berreskuratzea izango da” azaltzen deusku ipuinak. Holan dala, antidotoek umeei gustura sentitzen lagunduko deutsie, “bake sentsazio hori lortzen, ezer ez dala oker joango jakinarazten”.
Lanerako liburua
Ipuina irakasle eta ikasleentzako gida izango da, ‘workbook’ baten bidez, euren antidotoak bilatu, aurkitu eta sortzen laguntzeko deutse. Lanerako gune honetan, eguneroko bizitzako egoeretan sentitzen dabezan hainbat emozio deskribatu ahalko dabez. Honek, euren emozioen kutxa lantzeko bidea eta modua emongo deutse, bertan sentsazio, musika, usain edota oroitzapenak gordeko dabezalarik. Adibidez, familia-argazkiak, zapi edo abesti bat; beharrezkoak diranean, “etxera” itzultzeko, hau da, emozio jakin batetik urteten lagunduko deutsie. Gainera, emozio horreek euren buruagaz gustura egoten lagunduko deutsie.
“Ikasleak, emozio batek bahituta dauanean, tristurak, adibidez, kutxa emozionala erabili ahal izango dau eta, beste oroitzapen eta sentsazio batzuei esker, tresnak sortu ahal izango dauz emozio antidoto-emoziora joateko, adibidez, poztasunera”, azaldu dau orientatzaileak.
Jakina, ikaslearen araberakoa izango da, hau da, kutxa emozionala desbardina izango da ikasle bakoitzarentzat, une edo egoera bakoitzerako. Dana dala, kutxak, bildurra, amorrua, poza, tristura…sortzen deutsien egorak berreskuratzea ahalbidetuko deutse. Eta batez be eta nagusiki, emozio desatsegin guztien antidotoa dan segurtasuna. “Ezin dogu ahaztu emozio atsegin batek bahituta egon daitekezala eta une egokia ez bada, beharrezkoa izango jakela hortik urtetea” zehaztu dau Elorduik.



Emoziometroa
Are gehiago, kudeaketa emozionalean, emozio bakoitzaren intentsitateak be pisu garrantzitsua izango dau. Triste zagoz, bai, baina ez da gauza bera jostailua hautsi izana edo txakurra hil izana. Horregaitik,prozesu honetan "emoziometroak" berebiziko garrantzia izango dau. Emozio hori, zenbat denboraz hedatzen dan, zein intentsitatez jokatzen dauan... Liburuak intentsitate emozionala neurtzera eta holan, "workbook"ean idatzitako oroitzapen eta sentsazio horreei esker beharrezko antidotoa sortzera animatuko dauz irakurleak.
Adibidez, desatsegina dan bildurraren emoziometroak (lotsa be barne hartzen dauanak), bildurra zerk emoten deutsen eta sentsazio horreek bistaratzera animatuko zaitu, baina aldi berean, "laguntza eskatzea ausartena dala" eta behar diran antidotoak bilatu daikezuzala azalduko dau. Honeek, aldez aurretik jakin-min, miresmen, segurtasun eta pozaren "workbookean" sortutakoak izan dira, "une harrigarriak eta egoera bikainak gogoratuz".
“Itzuli ariketa horreetara eta gogoratu: zelangoak dira sentsazio atsegin horreek? Berotasun goxo hori sentitzen dozu? Honeexek dira zuk sortutako antidotoak; erabili sentsazio honeek txarto sentitzen zaran hurrengoan eta “etxera” itzultzeko gogoa dozunean”, adierazten dau kapituluak.
Emozioz emozio, ipuinak hainbat egoera errepasatuko dauz, antidotoa lantzeko edota emozioetatik nabigatzeko zein orrialdetara joan adieraziko dau. “Liburua egunero erabiltzeko tresna praktikoa da; Lehen Hezkuntzako neska-mutilek hainbat egoera biziko dabez une oro; horregaitik, edozein unetan izango dabe Amets eskura” azaldu dau Begoña Bañuelos Begoñazpi Ikastolako Lehen Hezkuntzako koordinatzaileak.
Beraz, ipuina, unibertso emozionalaren autokudeaketa egiteko ezezik, bidea eta etxera bueltatzeko antidotoa ezagutzeko be, gida bikaina izango da. "Emozioak modu osasungarrian kudeatzen dauazan pertsona, bere abaniko emozional osoan modu egokian eta doituan dantzan dakiena izango da" laburbilduko deusku “Etxera” Itzuli ipuinak/liburuak.