Pentsamenduaren kultura adimen logiko-matematikoaren bidez: xakea, robotika eta matematika Singapur metodoa

Pentsamenduaren kultura adimen logiko-matematikoaren bidez: xakea, robotika eta matematika Singapur metodoa

Begoñazpi Ikastolak abian jarri dauazan metodologia barritzaileek, Ikasleen adimen logiko-matematikoa modu integralean bultzatzen dabe, beraz, ikasleak hausnartzeko, kritikoak izateko, arazoak konpontzeko eta bizitza errealari aurre egiteko prestatzen dabez.

Begoñazpi Ikastolan, pentsamenduaren kulturak oihartzun handia dau. Harvardeko Unibertsitatean garatutako eta orain dala ia hamar urte Ikastolan ezarri zan ikasketaren paradigma dan Ulermenerako Irakaskuntzak tresna anitzak eskaini eutsozan Ikastolari. ‘pentsatzen ikasi’ oinarrizko curriculum gaitasunagaz bat eginez,ikasleeihausnartzeko, kritikoak izateko eta arazoak konpontzeko ahalmena emoten deutse.

Holan sortu zan Begoñazpi Ikastolako Ulermen Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza. Hezkuntza metodologia, garatu beharreko edukietan baino, ikasleek landu behar dabezan konpetentzia, gaitasun edo pentsamendu motetan oinarituko da. Hori guztia, beti be Howard Gardnerren Adimen Anitzen teoriari ekinez.

Beraz, psikologo estatubatuarraren arabera, pertsona bakoitzak bere bizitza garatzeko adimen anitzak dauz, eta ez adimen bakarra: linguistikoa, musikala, logiko-matematikoa, espaziala, gorputz-zinestesikoa, intrapertsonala, interpertsonala eta naturalista.

Horreek guztiak, kultura jakin baten baloreen, dagozan aukeren edo pertsona bakoitzak hartutako erabakien arabera sustatuko dira. Hona iritsita, txiki-txikitatik neska-mutilei euren ahalmen guztia ateratzen lagunduko deutsien metodologiak beharko dira, hau da,  adimen anitzak aktibatzen dabezan hezkuntza tresnak erdietsi beharko doguz.

 

Pertsona bakoitzak bere bizitza garatzeko adimen anitzak dauz, eta ez adimen bakarra: 

 

Adimen logiko-matematikoa

Hasiera baten, adimen posible bakartzat jotzen zan adimen logiko-matematikoa, arrazoiketa induktiboa eta deduktiboa erabiliz, arazo logikoei urtenbidea emoteko, sinbolo matematikoak edo zenbakizko zein geometriazko kontzeptuak ulertzeko edota eragiketak zientifikoki ikertzeko baliagarria dan trebetasuna da.  

Eta sustapen eta indartze-tresna honeen artean, Begoñazpi Ikastolako ikasleen ikaskuntzan, motibazioan eta ulermenean eraginkortasun handia erakutsi daben hiru metodologia barritzaile dagoz: robotika, xakea eta matematika Singapur metodoa. Metodo honeen barri jaso, ikasi eta irakasteko, irakasleak be munduko adituenekin hainbat urtetan prestatu dira. Ikastolan arrakastaz ezarritako metodologiok argi eta garbi erakutsi dabe eraginkortasuna.

Gainera, bai neska-mutilen adimen logiko-matematikoa sustatu eta bultzatzeko, baieuren kabuz eta hausnatzeko tresnak emoteko, hiru metodologiak dira alkarren osagarri. Hauxe da pentsamenduaren kultura, neska-mutilak bizitza errealerako prestatzen dauazana. Holantxe garatzen da, ba, Begoñazpi Ikastolan:

 

Xakea

Begoñazpi Ikastola, geletan xakea ikasgaitzat hartzen aitzindaria izan zan. Hain zuzen be, adimen logiko-matematikoaren gaineko irakaskuntza indartzea xede izanik eta Ulermenerako Irakaskuntzagaz bat eginez.

Xakean jokatzeak, beste abantaila pedagogiko batzuen artean, garunaren alde biak trebatu, arazoak konpontzeko trebetasunak areagotu, irakurtzeko trebetasunak zein oroimena zein kontzentrazioa hobetu eta planifikatzen irakatsiko dau.  

Adriana Salazar adituaren ‘Xakea ikasgelan’ metodotik abiatzen dan irakaskuntzak,  hiru ildo nagusi dauz: xakearen piezak adimenean zelan mugitzen diran; xakearen bidez buruko trebetasunak zelan garatzen diran eta azkena, xakeak norbere buruagaz pozik egoten/ gogobetetzen zelan  laguntzen dauan.

Hasierako itaun honeek lagungarriak izango dira ulermen helburuak ezartzeko ezeze,  metodo hori osatzen daben zortzi ikasturteetako bakoitzean (4 urtetik Lehen Hezkuntzako 6. mailara bitartean) Ikastolak ikasleengan lortu nahi dauazan helburuak ezartzeko be. Holan dala, ikasle gazteenek, piezen mugimenduak aztertu eta harrapaketak edo lekualdaketen kalkulua egingo dabe; tarteko mailetakoek, xakearen eta defentsaren garrantzia, ideien eta jokaldien argudiaketa ikasiko dabe; eta goiko mailetakoek, munduko xake jokaldi eta norgehiagoka onenen azterketa egingo dabe.

 

Robotika

Era berean, robotikak,pentsamendu dibergentearen bidez, adimen logiko-matematikoa sendotuko dau; lankidetza suspertzeaz gain, sormena be garatuko dau, ikasleentzat diziplina entretenigarria izango dalarik. Robotikak beste adimen batzuk be sustatuko dauz, bisuala-espaziala edo interpertsonala, besteak beste.

Begoñazpi Ikastolan, robotika Haur Hezkuntzatik DBH 4. mailara heldu arte garatzen da. 4 eta 5 urteko Haur Hezkuntzako geletan, Legoko piezak erabiliz, umeak makina xumeak eraikitzen hasten badira be (zubiak,dorreak…)  apurka-apurka, mugimendua daben piezak gehituz, makina konplexuagoak sortuko dabez, adibidez, autoak, errotak edo barkuak.

 “Metodologia dinamikoa eta ludikoa da, aldi berean. Ikasleek, bikoteka, euren gaitasun sozialak garatu eta erronkei erantzuna emoteko alkarlanean jarduten dabe”, azaldu dau Gorka Expositok, Haur Hezkuntzan gaiaz arduratzen dan maisuak.

Lehen Hezkuntzan, programazioa, hainbat programaren bidez, etengabeko erronka da. Ikasleak, istorio alkarreragileak eta jolasak sortzeko tresna intuitiboa danScratch Junior bezalako programen bitartez hasi dira programaziora ohitzen. Apurka-apurka, mailetan gora doazen heinean, ikasleek programazio aurreratuagoagaz  lan egingo dabe, robotei aginduak emoteko zein misioak betetako aukera emoten deutsien Scratch, Lego Wedo edo SPIKE programakaz, besteak beste.

Ikaskuntzak, Bigarren Hezkuntzan eta Batxillergoan be jarraituko dau, maila honeetan programazioa elementu sofistikatuagoa izango da, honek kontzeptu matematikoak erabiltzen, sekuentziak sortzen, planoak interpretatzen eta arazo edota misio konplexuak ebazten lagunduko deutsie.

Horrek guztiak, ikasleek munduko robotika lehiaketa garrantzitsuenetarikoa dan First Lego League bezalako maila handiko edo Siemens Gamesa STEM lehiaketan  parte hartzea eragingo dau. Azken baten honeek, neska-mutilengan STEAM diziplinen (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika) garapena sustatzen daben aukera zientifikoak dira.

 

Matematika Singapur metodoa

Matematika, ikasle askorentzat beharbada, ikasgairik gatxena izango da. Ba, munduan ospetsua dan Singapur metodoa landu eta erabiliz, ikasleek kontzeptu matematikoak eta honeei lotutakoak erakargarri eta ulergarri egiteko modua aurkitu dabe. Ikastolan, orain dala lau urte ezarri bazan be,  gaur egun be 3 urteko geletan hasi eta  Lehen Hezkuntza 2. mailara heldu arte jardunean dogun metodoa, apurka-apurka, gainontzeko mailetara hedatuko da.

Metodoa erabateko ikuspegi aldaketa batetik abiatzen da. Honek, zailtasunak zailtasun, ikasleek matematikak ikusi, ulertu eta barneratzeko, manipulazio prozesu, irudikapen piktoriko nahiz grafiko eta irudikapen abstraktuaren bidez, kontzeptu matematikoen ulermena sustatu eta proposatuko dau. Jerome Brunerren KPA (konkretu-piktoriko-abstrakto) ikuspegia da. “Modu honetan, konkretutik abiatzen gara, ikasleentzat esanguratsua dana eta ezagutzen dabena  hartzen dogu abiapuntutzat. Ikasleek matematikak sentitu eta ikutu daikiez” azaldu du Jokin Kamiruagak, Lehen Hezkuntzako metodoaren koordinatzaileak. 

Jarri daiguzan, ba, adibide batzuk. Ikasleek zenbakiak ikasi beharko dabez. Lehengo eta behin, zer dan ikusiko dabe: bost gozoki, bost ikaskide. Jarraian, marraztuta ikusiko dabez eta azkenik, haren irudikapen abstraktua zein dan jakingo dabe; 5 zenbakia. Era berean, matematika guztietarako erabiliko da: zatikietarako, geometriarako, gorputzen bolumenerako… Manupalazio-materiala erabilita, bolumenaren kontzeptua ikasiko dabe, zer esan nahi dauan ezagutuko dabe, grafikoki islatuko dabe, edukia ulertuko dabe eta azkenik, formulak sortuko dabez, hots, islatutakoa garatzeko beharrezkoa dan algoritmoa.

Eta horretan guztian, irakasleak gidariak baino ez dira izango, beharrezko itaunak egin beharko deutsiez baina ikasleak eurak izango dira matematiken zergaitia edo arrazoia ulertuko dabenak. Matematikak irakasteko moduari, erabateko aldaketa ekarriko deutso. “Orain garrantzitsua erantzuna izan beharrean, kontzeptuaren ulermena izango da, ikasketa eraginkor eta adierazgarria erdietsiz. Prozesuak buruz ikasi baino, ulermena nabarmenduko da” adierazi deusku Kamiruagak.