Joan dan 2018-2019 ikasturtean, Begoñazpi Ikastolak 2 urteko umeentzako ikaskuntza-metodologia barria sartu eban, esperimentazinoan, jolas sinbolikoan, segurtasunean eta gela edegietan oinarritutakoa, jarraian azalduko dogun lez.
Halanda be, 2019-2020 ikasturte honetan, eredua sendotu eta indartu egin da hainbat proiekturen bidez: hezkuntza emozionala, askotariko adimenak, zentzumen anitzeko estimulazinoa, hizkuntza-proiektua ipuinen bidez, pentsamentuaren garapena jolas euristikoen bidez eta garapen psikomotorra psikomotrizidadeko Aucouturier programearen bidez.
Hezkuntza-estrategia propio horrek ikastolan osorik garatzen ditugun beste eredu batzuen onena hartzen dau, esaterako Konfiantzaren Pedagogia, Reggio Emilia edo Ulermen Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza –Harvard eredua–. Izan be, irakasleak metodologia horreen inguruan prestau dira azken urteotan, erabilten dituen munduko hainbat tokitako ikastetxeak bisitau ditue, eta, orain, ikuspegi-aldaketa hori islatu dabe.
1.- ESPERIMENTAZINOA. Eredu hori umeek lortu beharreko ulermen-helburu batzuetatik abiatzen da (urtaroak, eguraldia eta paisaia, eta zentzumenak). Eguneroko errutinak amaitu ondoren, umeak txandakatzen dira –bosnaka– helburu horreen inguruko esperimentazino-tailer desbardinetan, zeinak astero aldatzen diran. Ordubetez egiten dabe, horretarako gune espezifiko baten.
2.- JOLAS SINBOLIKOA. Bitartean, gainerako umeek, libreki mobiduta, jolas sinbolikoa erabilten dabe garatzeko (sukaldetxoak, piezadun tailerra, panpinak eta haurtxoak…). Gainera, jazza, musikea klasikoa eta rocka (gura dabenean) entzuteko musika-gailuak, margotzeko txoko artistikoak, Lego pieza handiak, hareazko eta argizko mahaiak, loreontziak liburuakaz, txirristak.… ditue.
3.- SEGURTASUNA. EGOKITZAPEN-ALDIA. Eredu barriak ixten deutse gurasoei ikastola barrura txikiakaz sartzen, eta eurek laguntzen deutsee jakea kentzen, gauzak ateraten, mantala janzten... Umeak, horrelan, seguru sentiduten dira, etxean lez. Gauza bera gertatzen da eguna amaitzean.
4.- GELA EDEGIAK. Hezkuntza-ereduak arkitektura barri baten dau oinarria. Bizi guztiko ikasgelek ez daukie zentzunik. Orain, gelak edegiak dira eta ume guztiek partekatzen dabe eremua, nahiz eta irakaslearen eta ikasgelearen erreferentea izaten jarraitzen daben.
Gainera, dana da gardena eta garbia, eta kalidadezko materialak –egurra– eta akabera bikainak ditu (hezkuntza-eremua oihana balitz lez apainduta dago, baina kolore neutroakaz).
Gune barri honek, gainera, 2 urteko umeak ikastolearen erdigunean kokatzen ditu.
2019-2020 ikasturte honetan eredua indartu egin da proiektu honeekaz:
- Hezkuntza emozionala, batez be, egun bakotxean egiten diran korroen bidez lantzen dana. Ikasleak plataforma emozional egokienetako baten sentidu daitezan lan egiten da, hala nola segurtasunean edo miresmenean.
- Askotariko adimenak, ikasleak gela guztietan askatasunez mobiduta. Adimen bakotxari lotutako jarduerak proponiduten jakez (Lego eraikuntzak, liburutegia, musikea, naturari buruzko bideoak…). Ikasleek, ezarritako denporan, aukeratzen dabe zer jarduera egin, eta helduek ikasle bakotxak zer jarduera aukeratu dauen begiratzen dabe. Horrelan, espazio/denpora horren historikoa eregiten da, ikasle bakotxa eta bere lehentasunak ezagutzeko asmoz.
- Zentzumen anitzeko estimulazinoa tailerren bidez. Egunero, 5 ikaslek zentzumen anitzeko tailer bat egiten dabe. Tailerrok 30 minutu irauten dabe eta zentzumenak lantzen ditue gai zehatz baten bidez (urtaroak, adibidez). Gainerako ikasleak libre ibilten dira ikasgela edegietan, adimenakaz lotutako jarduerak egiten dituen bitartean.
- Ipuinen bidezko hizkuntza-proiektua. Egunean bitan, ikasleak korroan biltzen dira, ipuin bat entzuten dabe eta ipuinagaz lotutako jarduerak egiten ditue.
- Pentsamentua jolas euristikoen bidez garatzea . Horrelango jolasek pentsamentua garatzeko aukerea emoten deutsee ikasleei.
- Garapen psikomotorra psikomotrizidadeko Aucouturier programearen bidez.