Sarrerea

Begoñazpi Ikastola hezkuntza-ereduak curriculum propioa dauka, legez ezarritako gaitasunen mapan oinarrituta. Curriculumak ikastetxeak egunero-egunero hobetzen dituan hezkuntza-tresna barritzaileak daukaz. Tresna horreek adimen anizkoitzen teorian eta Harvard Business Schoolek egiten dituan txostenetan oinarritzen dira, ikasleak lanbide-esparru baten garatu ahal izateko behar diran trebetasun eta abileziei jagokenez.

Hezkuntza-ereduaren ardatzak pentsamentua, emozionaltasuna, konpromisoa eta lan-metodo propioa dira, eta, horren ondorioz, zeharka txertatu dogu hezkuntza-barrikuntzea, ikasleen trebetasunak eta abileziak sustatzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko gai izan daitezan laguntzeko. Horrelan, “gaitasun” kontzeptuak, “bere ikaskuntzearen protagonistea dan ikasleagaz” batera, Begoñazpi Ikastolak hezkuntza-ikuspegian guztiz barritzailea eta propioa dan proiektua praktikan ipintera eroan dau. Horrek beragaz dakar irakaslearen rola birdefinidutea.

Horrek guztiak Begoñazpi Ikastola hezkuntza-erreferente bihurtu dau Euskadin. Begoñazpi Ikastola aitzindaria da ‘Ulermenerako Irakaskuntza’ eredua sartzen. Eredu hori Harvardeko Unibertsidadeak garatutako lan-esparrua da, 2012-2013 ikasturtean ezartzen hasi zan eta Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako etapetan ja hedatu dan Project Zero programearen barruan. Eredu horrek, beste ezaugarri batzuen artean, ikasleek ikasgaiak ulertzea dauka ardatz, eta azterketa tradizionalei balioa kentzen deutse –kasu askotan balio barik ixten ditu–. Hori dala-ta, irakaskuntzan oinarritutako lan-metodoa erabilten da, ulermen-proiektuen bidez, eta material propioak sortzen dira, erabat digitalizauak, Appleren iBookari esker.

Eredu horri esker, ikastoleak orain gitxi arte ezezagunak ziran metodologiak sartu ditu ikasgeletan. Beste gertaera barritzaile batzuen artean, ikastetxea Euskal Autonomia Erkidegoko lehenengo ikastetxea izan da xakea eskola-curriculumean sartzen, ikasgai lez. Gainera, musika-proiektu global baten barruan, 4 urtetik aurrera ikasgeletan bibolinak sartzen lehenengoa da. Horrezaz gain, musika-ibilbidea Stradivary metodologiagaz eta ORFF metodologiaren elementuakaz osotu da.

Gainera, 2 urterako hezkuntza-eredu barria ipini da martxan (Konfiantzaren Pedagogia, Reggio Emilia eta Harvard eredu bera lako metodologietatik onena hartzen dau), baita Bernat Acouturierren psikomotrizidade-metodologia be. Kasu bietan, instalazinoak Gela Edegien eredu moduan egokitu dira.

Hezkuntza-barrikuntzeari buruzko beste alderdi garrantzitsu batzuk robotikea, zientzia eta teknologiako proiektuak dira. Begoñazpiko ikasleek sari ugari lortu ditue First Lego League txapelketan, bai Euskadiko edizinoan, bai Espainiako finalean. Gainera, AEBetako San Luis urian (Missouri) egindako munduko finalera be joan dira.

Horreetako batzuk hemen, hemen edo hemen jasota dagoz. Portugalen, AEBetan (Washington) eta Holandan, besteak beste, ikasleek euren proiektu zientifikoak defendidu ditue.

Robotikeak, xakeak eta matematikako Singapur metodoaren ezarpenak adimen logiko-matematikoaren programea osorik garatzen dabe.

Hori guztia ez da ikastetxeko programazinoaren, robotikearen, zientziaren eta teknologiaren inguruko lanari egindako aitorpena bakarrik. Zalantza barik, hezkuntza-ereduari egindako aitorpena da.

‘Misinoari’ jagokonez, Begoñazpi Ikastola euskera komunikazino-hizkuntza lez erabilten dauen ikastetxea da. Bilboko Elizbarrutiak sustatuta, Nazareteko Jesusen mezua helarazoten dau, hezkuntza integrala, kalidadezkoa, barritzailea eta eleaniztuna eskainiz ikasleen eta euren familien zerbitzura.

Hezkuntza eleaniztun hau 2 urtetik 18 urtera bitartekoa da, ingelesezko irakasgaiakaz, bertako irakasleakaz, hizkuntzetakoez gainera (gaztelania, ingelesa eta frantsesa). Haur Hezkuntzatik aurrera ingelesez emoten diran irakasgaiak Musicals, Science Art English, Teknologia eta mundu garaikidearen Zientziak dira. Gainera, ikasleek astean ordubete gehiago daukie esleituta ingelesaren fonetikea eta ahozko adierazpena hobetzeko. Horrelan, ikasleek euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta baita frantsesez be gaitasun-maila altuagaz ikasketak bukatzea errazten dogu. Batxilergoa amaitzean, ikasleek euskerazko C1, ingelesezko B2 eta frantsesezko B1 tituluak lortu daiezan bultzatzen dogu.

Gainera, munduari edegitako ikastetxea gara, eta beste herri eta kultura batzuekazko errespetuzko jokabide integratzaileak sustatzen ditugu, gure herriaren kulturearen ezagutzatik eta estimutik abiatuta. Horrelan, konpromisozko ekintzen barruan, Begoñazpi Ikastolak Euskadin erreferente bihurtu dan balio solidarioak eta profesionalak autortzen dituan –Gazte Role Model– saria dauka.

Hamar edizinoetan, hainbat persona ezagunek jaso ditue sariak: Paco Etxeberria forentseak, Juan Maria Uriarte Donostiako gotzain emerituak, Miguel Zugazak (Prado Museoko zuzendari ohia), Mercedes de Miguel diseinatzaileak, Sara Buesak, ETAk eraildako Fernando Buesa legebiltzarkide sozialistearen alabeak; Pili Zabalak, GALek eraildako Joxi Zabalaren arrebeak; eta Anton Pradera CIE Automotiveko presidenteak, beste askoren artean.

Hezkuntza-proiektua ikastetxearen ‘misinoan’ eta ‘ikuspegian’ definiduta dago, eta baita Curriculum Proiektuan be, hau da, adimen desbardinen garapenean oinarrituta une bakotxean praktikan ipini beharreko gaitasunak zehazten dituan dokumentuan.

Horreek horrelan, Begoñazpi Ikastolako irakaskuntza-ereduaren oinarria ikaskuntzearen gakoen inguruan ardazten diran pentsamentua, emozionaltasuna, konpromisoa eta lan-metodo propioa dira.