Begoñazpi Ikastolak partaide guztiok ikasleen hezkuntzan doguzan oinarrizko aukera biez ohartzea gura dau: ikasleek hezkuntza integrala izatea eta gizarte solidaritatean hezi nahi dogu.
1. Pertsonaren garatze integrala.
Gure hezkuntza ekintzaren oinarrizko helburua pertsonak prestatzea dalakoan gagoz. Garapen integrala aitatzen dogunean ikasleak bere gaitasun guztiak ezagutu eta era orekatu baten garatu egin behar dauazala esan gura dogu. Horregaitik Ikastolea honako gaitasun honeek garatzen saiatuko da:
- Ezagutzari buruzkoak:
- Ikasleak inguruko gizarte eta berezko errealitatea arakatzeko interesa hartu dagian eginaz.
- Errealitatearen ezagutza zehatz eta kritikora helaraziz.
- Jakitea zein frogatzea eta gozatzea bultzatuz, ikasleak ikasten dauanari ezagutza esanguratsuaren bidez zentzua aurkitu eta emon daikeo eta.
- Mundu teknifikatu eta funtzional baterako prestatuz, bertan orientatzeko eta eragingarria izateko gai izan daiten.
- Afektiboak:
- Inguru fisiko eta gizartearen errealitatera sentikor izaten lagunduz.
- Ondo sentitze eta gozamenera zabalik dagozan uneak bultzatuz, berehalako gozamena alkar banatuz eta komunitatea osotzeko gurarira bideratuz.
- Sexualitatearen edukitze gozatsua eta arduratsua bultzatuz.
- Mugimendua eta bere kontrola, sentimenduen eta lankidetzaren iturri eta motore bezala heziz.
- Adierazpenari buruzkoak:
- Komunikatzeko era desbardinak erabili eta hobetzeko aukerak emonaz.
- Komunikaziorik osoena indartzen dauan isiltasuna gozatzen itziz.
- Sormenezko ekimena teknikaren bidez erabetetzen dala era praktikoan irakatsiz.
- Komunikatzeko bide eta sistemak erabakiak hartzearen zerbitzura eta pertsonen arteko topaketen zerbitzura jarriz.
- Gizarte gaitasunak:
- Norberaren balore eta mugen kontzientzia hartzeko aukerak emonaz bere buruaren kontzeptu erreala eta baikorra hartzeko.
- Ikasleak garapenari egokitutako eta gizarte harremanen bidez eratutako autonomiaz jabetu eta berori erabili daian egoerak sortuz.
- Bakoitza talde harremanetan beharrezkoa eta eragingarria sentitu daiten egoerak sortuz.
- Lankidetasuna eta solidaritatea gozatu daian ohituz.
Pertsonaren garapenaren ikuspuntu kristau batetik, tranzendentalak deitu geinkezan gaitasunetan be heziko dogu:
- Transzendentalak:
- Ikasleak ikuspuntu indibiadualista eta pragmatikoak gainditzen dabezan balore objektiboak erreferentetzat hartu daiazan ohituz.
- Arrazoi zintzo eta altruisten alde konpromesua hartu daien aukerak emonaz.
- Jangoikoaren seme-alaben askatasunera deituak izatearen kontzientzia sustatuz.
- Euren adinari egokitutako fede eta kulturaren arteko sintesi aurreragarriak egin daien aukerak emonaz ikasleei.
2. Gizarte solidarioan hezi.
Begoñazpi Ikastolak azpimarratu egin gura dau bere barruan gizarte solidaritatean hezitzeko asmoa eta horretarako hainbat helburu proposatzen dauz. Baina hezkuntza honek ez dauka zentzunik eskolaz kanpoko beste gizarte talde batzuekaz, sendiak zein beste gizarte erakundeek, ez badabe loturarik. Horregaitik,
Ikastola
Ekintzen bidez benetako Hezkuntza Komunitatearen parte izateko sentimendua indartzen saiatzen da. Lagungarri diran ezaugarrien lagungarrien artean Hezkuntza Proiektu honetan hurrengo honeek batu gura doguz beharrezkoentzat joz:
- Barne funtzionamendurako arauak argiak eta danek onartuak izango dira. Irakaskuntzako partaide guztiei eskatuko jake aurrera eroan eta betetzea.
- Irakasle, ikasle eta gurasoen eskola-antolamendua bultzatuko da, parte hartzen ohitu daitezan.
- Talde lana eta taldeen arteko koordinazioa indartuko da, bai irakasleen bai ikasleen artean.
- Hezkidetzaren aldeko aukera argia egiten da, berori sexuen arteko eskubideen
bardintasunerako hezkuntza bezala ulertuz.
- Ikasleen arteko desbardintasunak gainditzeko beharrezko ahaleginaren alde gagoz. Ikastoleak gizarte aldaketan lagundu gura dau, bere barruan, batez ere pertsonaren garapen integralaren edozein arlotan arazorik gehien daukiezanak kontuan hartuz.
Ikastolako irakasleak
Irakasleak Hezkuntza Proiektuaren bultzatzailerik garrantzitsuenak dira, beraz:
- Euren lana Ikastolako estamentu guztiek hartu beharko dabe kontuan.
- Hezkuntza Proiektu honen garapen egokirako irakasleen eginkizun batzuk azpimarratzen doguz: irakasleek euren ikasleen orientatzaile izan behar dabe, ikasleen aniztasuna kontuan hartuz. Horretaz gain, ikasleen ikasketaren bitartekari, sortzaile eta eragile izan behar dabe. Azkenik, esan beharra da talde lanaren beharrizana izango dabela.
Sendiak
Begoñazpi Ikastolak bere hezkuntza ekintza sendietan dagoaneko hasita dagoan lanaren jarraipena dala onartzen dau. Horregaitik, erakunde bi horreen lankidetza sakondu beharra sentitzen dau, helburu komunetara zuzentzen diran ekintzak hobeto koordinatzeko.
Zentzu honetan:
- Hezkuntza estamentu guztiei iritzia eskatu ondoren Hezkuntza Proiektua kaleratuko dau eta ekintza bateratu moduan proposatuko dau.
- Jarritako hezkuntza-helburuen lorpenerako partaidetza estu baten beharrizana nabarmendu gura dau.
- Sendi bakoitzak, eta sendi guztiak batera, Ikastolaren hezkuntza-helburuak aztertzea eta euren senide bizitzan jarraipena era koherentean emoten saiatu daitezela eskatzen dau.
- Onuragarritzat jotzen da kultur eta gizarte desbardintasunak egotea, gizarte-sarea aberastu daikielako. Baina desbardintasun batzuk bidegabekoak dirala kontuan izanik Hezkuntza Proiektu honek solidaritate aldeak beharrezkoak dirala azpimarratu gura dauz.
Euskal Herria
Pertsona bakoitzak duintasuna hartu eta garatu egiten daualakoan gagoz bere sustraiak eta nortasuna, kasu honetan sozio-kulturala, ezagutu, ederresten jakin eta garatzeko konpromesua hartzen dauan heinean. Arrazoi honegaitik, Euskalerriko eta Bizkaiko Jaurerriaren inguru sozio-politikoaren ezagutza gure Hezkuntza Proiektuaren oinarrizko helburuetariko bat da.
Honek honako hau esan gura dau:
- Hurreko ingurua osotzen daben errealitateak era hertsi eta hausnartuan ezagutu.
- Euskadiko gizarte era kultura ezaugarriez era eginkorrean sentikortu eta norberarenak bezala maitatzera heldu.
- Euskal kulturaren balore garrantzitsuek, batez ere hizkuntzak, jasaten dabezan arrisku batzuen kontzientzia eraginkorra hartu eta ikasleei gainditzeko baliabideak emon.
- Euskalerriko ikusmugak zabaldu beste herri batzuenganako lankidetza bardintsu eta bidezkorako .
- Geurea ederrestuz tolerantzia eta begirunea izan.
- Giza desberdintasunen arazoen kontzientzia eraginkorra hartu eta jarrera solidarioak praktikatu.
Eliza komunitatea
Elizbarrutiko ikastetxea izateak hurrengo hau dakar:
- PEC honetan lan egiten dabenek fede kristaua benetakotu eta agertzen dan oinarrizko baloreengaitik lan bikaina dala aitortzen dabe.
- Nazareteko Jesusenganako, bere pertsona eta doktrinarenganako erreferentzia komunitate-alkarbizitzarako konpromesuen eta solidaritate baloreen bultzatzailea izatea.
- Gure ikasleek jakituriko beste arlo batzuk sakontzen dabezan moduan, erlijio jakituriak eta bizipenak era harmoniko baten heltzea gura dogu.
- Horregaitik, Ikastolan ikasleek euren fedea agertzen izten deutsen eta euren jatorrizko kristau komunitateetan murgiltzea bultzatzen daben ekintza pastorala erraztuko da.
- Arreta berezia jarriko da erlijio kutsuaren hezkuntza-bazterketa gainditzeko, jakintzagai arteko lanaren ereduaren bidez giza balorerik onenen jatorria dala ulertzen lagunduz.