Begoñazpi Ikastola Homeless Film Festival jaialdiaren XI. edizinoan saritua
Begoñazpi Ikastolako DBH 4. mailako ikasleek Bizitegi Elkarteak antolatutako Homeless Film Festival jaialdiaren XI. edizinoan parte hartu dabe gaur, zemendiaren 12an. Bilboko Bizkaia Aretoan egindako jardunaldian, ikasleek Bizitegiko kideek sortutako hainbat film labur ikusi dabe, baita sail ofizialean parte hartu daben beste lan batzuk eta ikastetxeen arteko lehiaketan saritutako bideoak be. Azken horreen artean, Artxandape Ikastola eta Berrio-Otxoa ikastetxeetako lanekin batera, Begoñazpi Ikastolako DBH 4. mailako ikasle talde batek egindako film labur saritua egon da.
Jaialdian parte hartzeko prozesua irailean hasi zan, Bizitegiren bitartez etxe barik bizi izan diran eta gizarte-bazterketa egoerak bizi izan dabezan hainbat lagun Ikastolara etorri ziranean. Euren testigantzei esker, ikasleek sarritan ezezaguna egiten jakun errealidadera hurreratzeko aukerea izan eben. Topaketa haretan jasotako esperientziak eta hausnarketak abiapuntu izan ziran lehiaketara aurkeztutako film laburrak sortzeko. Holan izanik, ikasleek gizarte-hausnarketea, sormena eta ikus-entzunezko adierazpena uztartu dabez, zinemea sentsibilizaziorako tresna bihurtuz.
Esperientzia hau, Begoñazpi Ikastolako baloreetan oinarritutako hezkuntzaren eta Nazioarteko Batxilergoaren (IB) Bitarteko Ikasturteetako Programaren (BIP-PAI) printzipioen barruan dago. Programa horrek pentsamendu kritikoa, enpatia, alkartasuna eta ingurunearekiko konpromisoa sustatzen ditu. Beste errealidade batzuk ezagutzeko, aurreiritziak zalantzan jartzeko eta gizarte-bazterketa egoera bakotxaren atzean entzunak izatea merezi daben pertsonak eta bizi-istorioak dagozala ulertzeko modua izan da.
Hemen ikus daikezue txapelketara aurkeztutako film laburra.





