Bardintasuna eta alkartasuna: Begoñazpi Ikastolan ekimen bi izan doguz protagonista
Bardintasuna, alkartasuna eta konpromiso soziala izan dira azkenaldian Begoñazpi Ikastolan egindako jarduera biren ardatz nagusi. Urriaren 19an, astelehena, Bizitegi Elkarteko ordezkariak Ikastolara etorri ziran, 'Kamera martxan tratu onaren alde' argazki-lehiaketako ikasle irabazleei saria emoten. Ekimen hau joan dan ikasturtean garatu zan, Zenbatu antzerki taldearen 'Yo no soy esa' antzezlana ikusi ostean. DBHko 3. mailako ikasleek emakumeen eta gizonen arteko bardintasunaren eta indarkeria matxistaren prebentzinoaren gainean hausnartu ondoren, ondorioak argazki bidez adierazi ebezan. Lehengo eguneko bisitan, lehiaketan parte hartu daben ikastetxeetako argazkiak batzen dauzan erakusketa ibiltaria Bigarren Hezkuntzako eraikineko sarreran jarri eben.
Hurrengo egunean, Bizitegi Elkarteak eta Bizkaiko Caritasek “Deituak” programaren barruan, Batxilergoko 1. mailako ikasleei hainbat boluntariotza-aukera aurkeztu eutsiezan. Ikaskuntza eta zerbitzua uztartzen dauzan ekimen honen bidez, ikasleek 20 ordu eskainiko deutsiez ikasturtean zehar alkartasun-proiektuei. Besteak beste, honeexek izango dira egin ahalko dabezan zereginak: egoera zaurgarrian dagozan pertsonei lagundu, Caser Txurdinaga, Aita Menni Txurdinaga eta Basauriko Bizkotxalde adinekoen egoitzetan parte hartu, DBHko ikasleei laguntza akademikoa eskaini eta Ikastolak, Eleizbarrutiak zein Bizkaiko beste hainbat alkartek antolatutako jardueretan lagundu.
Esperientzia honeek errealitate sozialaren aurrean begirada kritikoa, enpatikoa eta konprometitua garatzea helburu dauzan balioetan oinarritutako hezkuntzaren parte dira. Ildo beretik doa ikasleek Bizitegik antolatutako Homeless Film Festival jaialdian izango daben parte-hartzea. Jaialdia zemendian izango da, eta, etxe barik bizi diran pertsonen testigantzak zuzenean entzun ostean, ikasleek film laburrak egin dabez gizarte-bazterketaren gaineko kontzientzia pizteko.






