2026/2027 IKASTURTEA

Elikadura osasungarria: lege barria, urteetako konpromisoa

Elikadura osasungarria: lege barria, urteetako konpromisoa

2026ko apirilaren 16an indarrean jarri zan, ikastetxeetan elikadura osasungarri, orekatu eta jasangarriagoa sustatzeko neurri barriak ezarriko dauzan 315/2025 Errege Dekretua. Begoñazpi Ikastolan, ostera, bide hau aspaldi hasi genduan, urteak baitaroaguz jantokiko menuak aztertu, egokitu zein hobetzen.

Araudi barriak eskola-jantokietarako irizpide zehatzak ezarri dauz: sasoiko produktuei lehentasuna emonez, fruta eta barazki freskoak areagotzea, lekaleak zein arraina jatea sustatzea eta haragi prozesatuak, frijituak nahiz aurrekozinatutako jakiak mugatzea. Horrez gain, alergiadun eta intolerantzia daben ikasleen elikagaien segurtasuna bermatzea ezezik, familiei informazio argia eskaintzea be nabarmendu dau.

Dana dala, Begoñazpi Ikastolan elikadura osasungarriaren aldeko konpromisoa ez da barria.2018an, GESSYMAren eskutik, 107 eguneko elikadura-eskaintza aztertuz, Ikastolako menuen auditoria egin genduan. Emaitzek hobetu beharreko alderdiak identifikatzen lagundu euskuen, eta GASCAko dietistekaz batera menuak berrikusteko eta egokitzeko prozesuari ekin geuntsan.

Ordutik hona, hainbat aldaketa eta hobekuntza egin dogu: fruta fresko gehiago eskaintzea, barazki kopurua eta barietatea handitzea, arrainaren eta lekaleen presentzia indartzea, haragi-prestakinak murriztea eta sukaldaritza-teknika osasungarriagoak lehenestea. Beti be, nutrizio-kalitatearen eta ikasleen gustuen arteko oreka bilatuz.

Bilakaera hau datuek emongo deuskue. Adibidez, 2017-2018 ikasturtean astean batez beste 2,6 anoa fruta eskaintzen baziran, 2026ko iraileko menuan, 4 anoa banatu doguz. Lekaleak be astean 1,5 anoa izatetik 2 izatera pasatu dira. Beraz, adibideok eskola-elikadura hobetzeko denbora, ebaluazioa eta konpromiso iraunkorra behar dala erakutsi deuskue.

Baina guretzat jantokia jateko lekua baino askoz gehiago da: hezkuntza-esparrua be bada. Horregaitik, LH 6.  mailako gogobetetze-inkesten bidez, ikasleen iritzia urtean behin jaso eta kontuan hartzen dogu. Inkesta honeek, hobetzeko zein familiek ohitura osasungarriak hartzeko eta jarraitzeko lagunduko deuskue.

Horren adibide da familientzako aholkuak, informazioa eta etxean prestatzeko 50 errezeta baino gehiago eskaintzen dauzan https://elikaduraosasuntsua.begonazpi.org webgunea.

Araudi barriak gure lana berrikusten eta hobetzen jarraitzeko aukera emongo deusku. Izan be, elikadura osasungarria ez da menu baten osagaietan bakarrik erreparatzea; ohitura, autonomia, osasun eta ongizatean heztea be badakar.

Begoñazpi Ikastolan argi dogu: ondo elikatzea heztea be bada. Hortaz, Ikastolak bide hau, zuokin, familiokin egin nahi dau.

ARGAZKI GALERIA

Elikadura osasungarria: lege barria, urteetako konpromisoa
//Autoplay