Ilusioz eta erronkaz betetako ikasturtea
Begoñazpi Ikastolan ikasturtea ilusioz eta erronkaz beteta hasi dogu. Ikastolako hezkuntza-komunitate osoak, etapa guztietako ikasleek esperientzia, galdera, ikasketa eta balorez betetako ikasturte emonkorra izan daien konpromisoa hartu dau.
Begoñazpi Ikastolako zuzendaria dan Bego Bañuelosek hauxe adierazi dau: “Ikastola ez da ikasteko lekua bakarrik, zuon seme-alaben bizitza lagundu, hezi eta aberastuko dauan etxea izango da. Beraz, ETXEan bezala sentitzea nahi dogu.
Horregaitik, nire konpromisoa argia da:”gure ikasleen garapen osoa lortzea xede izanik, irakasle, ikasle eta familiakaz alkarlanean jardutea”.
Gazteenen lehen orduak Begoñazpi Ikastolan
Begoñazpi Ikastolan, urte biko umeek Ikastolako lehen egunak konfiantzaz eta segurtasunez emoteko hasi behar daben egokitzapen-aldiari ekin deutse.
Lehenengo egun honeetan, Begoñazpi ereduak aurreikusten dauan moduan, aita-amak seme-alabakaz batera egoten dira Ikastolan. Besteak beste, espazio barriak ezagutu, amantala jantzi, olgau eta esperientzia barri honen lehen uneak partekatzen dabez.
Horri esker, gaztetxoenak, ume bakoitzaren erritmoa errespetatuz, apurka-apurka etxean bezala eta ziur, inguru barrira ohituko dira. Etapa barri baten hasiera izango dan emozioz betetako lehen urratsa.


