2023/2024 IKASTURTEA

IRAKURGAIA: Egunik tristeena

IRAKURGAIA: Egunik tristeena

Galderak eta galderak, hamaika galdera. Gau guztian, Jesusen etsai amorratuak mila galdera egin eutsoezan. Jipoitu be egin eben.

Gero, goizean goiz, erromatarren gobernadorearen aurrera eroan eben.

- Jesusek ez dau ezer txarrik egin- esan eban gobernadoreak, Jesusi alde egiten itzi nahi eutsolako. Baina jendeak ez eutson izten.

- Hil egizu! Gurutzean josi! - esaten eutsan jendetzak suminduta.

Jesus hil nahi eban jendetzak!

Baina zergaitik, Jesus ona zan. Ez eban ezer txarrik egiten.

Jende harek gorroto eban Jesus.

- Gezurrak esaten dauz Jainkoari buruz- esaten eben.

Egia esanda, ez eben sinisten Jesus zanik Jainkoak agindutako Erregea.

Gobernadoreak beldurra eutson jendeari. Beraz, azkenean esan eban:

- Konforme. Nahi dozuena. Baina ez niri ezeren errurik bota- eta soldaduei emon eutsen Jesus.

“Burezur” izeneko mendira eroan eben eta gurutze baten iltzatu eben. Beste preso bi be baegozan han, gurutziltzaturik horreek be, Jesusen alde banatan.

Jesusen buru gainean kartel bat jarri eben:

“Jesus Nazaretekoa: Juduen Erregea”

Jesusen ama, Maria, gurutzearen ondoan egoan, Joan apostualagaz.

- Joan, zaindu ama nire partez- eskatu eutson Jesusek gurutzetik.

Eta harrezkeroztik Joanek Maria zaindu eban.

Jesusek ez eutsoen gorrotorik gurutzean josi eben soldaduei. Ez ebazan gorrotatzen bere etsai ankerrak.

- Aita, barkatu egizuz- otoitz egin eban.

Azkenean, Jesusek garrasi egin eban:

- Burutua dago dana.

Eta gero hil egin zan. Egunik tristeena.

Lagun biek hilobira eroan eben Jesusen gorputza. Kobazulo antzeko zerbait zan, sarrera ixteko harritzar astun bat ebana.

Emakumeak, triste egozan begira. Etxeratzeko ordua zan. Baina bueltatuko ziran.

Gogoeta

Garizuma egutegi kristauko sasoi garrantzitsua da, hausnartzeko garaia, egunerokoaren zubia zeharkatu eta pertsonagaz barriro topateko unea.

Garizuman Jesusen Nekaldia aurkituko dogu, gurutzera eroan eben zigorrak eta sufrimenduak. Bihozbarritzeko sasoian gagoz, gure ekintzak aztertu eta barriro Jesusi, Jainkoari, begira jartzeko, Bere adiskidetauna bilatzeko.

Epaimahai juduak (Sanedrinak) gobernadore erromatarrak (Pilatok) Jesus zigortzea gura eban. Herritar haserreak be Jesusen heriotza eskatzen eben. Jainkoari buruzko gezurrak esatea leporatzen eutsien. Hori bai zentzubakokeria! Bere Aita maitea zan Jaungoikoa, maitasun osoz Jesusen planak beteten ebilena.

Jesusen logikea maitasunaren logikea da, neurribako maitasunarena: joten daukazan soldaduakaz eta bere kontra egiten daben herritar haserreakaz be bai.

Jesusek irakasten deusku maitasunak beti dauala lekua. Juan bere lagunari ama zaintzeko eskatzen deutsa; Jainkoari, danontzako parkamena; eta azkenik, gurutzean hiltzean, bere eginkizuna amaitzen dau.

Gizon edo emakume on baten heriotzak beti ekartzen dau ondoeza eta nahastea. Garizuman gagoz, hausnartzeko eta pertsona onak izateko ahalegina egiteko garaian, gure bizitzako ibilbidea aztertzeko sasoian, Jesusengandik, Jainkoarengandik, urruntzen gaituen ekintzak zalantzatan jartzeko aldian. Jesusen lagun izateko, pertsona hobeak izateko, aukera barria dogu.

Jesus, gure lagun fidela, hil egin da. Baina bizirik jarraitzen dau gure bihotzetan, bere heriotza ez da izan alferrik. Esperantza ekarten deusku, Salbamenera eroaten gaitu eta mundo hobea, solidarioagoa, maitasunez betetakoa, eraikitzeko ahalegina egiteko.

Pasarteak dinoskun moduan, hilobiratu egiten dabe Jesus bere lagunek, tristuraz betetako emakume batzuk lagunduta. Baina barriro topatuko dabe Jesus, Piztuta, Berak gezurrik esaten ez ebala frogatzeko, Jainkoaren Semea zala frogatzeko. Ospatzeko unea da hau, Pazkoa.

ARGAZKI GALERIA

IRAKURGAIA: Egunik tristeena