TESTIGANTZA: KARMELE IBARRA | Begoñazpi egunez egun
(+34) 94 400 53 00

TESTIGANTZA: KARMELE IBARRA

  • TESTIGANTZA: KARMELE IBARRA
52020ko apirilak

Martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna da eta aurten be, iazko lez, Bizkaiko Eleizak 8 emakumeren konpromisoa aitortu gura izan dau. Euren artean Karmele Ibarra, Ikastolako irakasle ohia eta Dimako Alkarteko kide aktiboa. 

Elizbarrutiak egindako errekonozimenduagaz bat eginik, galdera batzuk egin deutsaguz buletin honetan argitaratzeko.

ZER DA eta ZER IZAN DA PASTORALTZA ZURE BIZITZAN?

Niretzat oso arlo inportantea izan da eta da. Nire bizitzeko ereari guztiz lotuta dagoan arloa dalako, egunerokotasunaren errealitatea dalako. Azken baten, ikusi, hausnartu eta pozik bizitzen konprometitu eta indarbarritzen laguntzen deust.

 

PASTORALTZAN EGIN DOZUN LANEAN OINARRITUTA, ALDAKETA HANDIA IGARRI DOZU GIZARTEAN AZKEN HAMARKADETAN?

Bai, oso aldaketa handia, beste arlo askotan legez. Ez dauka zerikusirik, ez; eta zer esanik ni Pastoral arloan hasi nintzanean egiten genduanak eta gaur egun egiten danak. Orduan abadeen eta fraileen esanetara ibilten ginan gehienok, entzun eta egin, baina urte asko dira, zer eta zergaitik egin behar genduan edo zelan jokatu behar genduan abadeena eta ingurukoena entzun ondoren, pentsatzen eta erabagiten hasi ginana. Hau da, itsu-itsuan jokatzeari itzi eta zergaitik eta zertarako bizi ginan edota ahalegintzen ginan ulertzen hasi ginan. Alkarren maitasuna sendotzen.

 

ZEINTZUK USTE DOZU DIRALA PASTORALTZA ARLOAN GAUR EGIN DAIKEGUZAN ERRONKAK

Nire eretxian argi izan behar dogu kristautasuna eta gizatasuna alkartuta bizi behar doguzala eta tokian tokikora eratuta.

Badakigu Eleizearen izena ezin doguna erabili geuk gura doguna edo ondo jatorkuna lortzeko baina zintzotasunez jokatzeak, gure benetako erralitateari erantzuna emoten ahalegindu behar dogula eskatzen deusku. Ni hasi nintzanean gehienok joaten ginan elizara. Gaur egungo errelaitatea oso desbardina da,beraz, ezin dogu bardin jokatu.

Beharbada ez zarie ados egongo baina Eleizan sinisten dogunok uste dot sarritan paperak aldatu egin behar doguzala, hau da,“gitxiago esan eta gehiago entzun” behar dogula.

 

ZEIN AHOLKU EMON AHAL DEUTSAZU SEME-ALABAK FEDEAN HEZI GURA DABEZAN IKASTOLAKO FAMILIEI?

Nik neuk, kristautasuna eta euskaltasuna etxean hartu nebazan eta gaur egun be, eguneroko jokabideak hobetzen eta lantzen ikusarazteko onena familia dala uste dot.

Baina neure buruari Begoñazpiko guraso gazteei aholkua emoteko ni nor nazan itauntzen deutsat. Dana dala, ikastola neurea be izaten jarraitzen dau, holan sentitzen dot, behintzat, eta zeuok eskatu deustazuenez eretxia, Ikastolako guraso eta andereño izan nazanez, hauxe da nire erantzuna: beti ahalegindu naz neure egiteakaz adierazten eta gaurko ume eta gazteek informazino asko izan arren, gauzatzen ikustea behar dozue. Hau da, idatziz edo berbaz bakarrik barik, gurasoak euren eguneroko bizitzan, jokatzeko eran edo bizitzeko eran adieraztea fedea zergaitik eta zertarako daben beharrezko, eta kontuz! Norbera egiteko prest ez dagoana ez eskatu inoiz besteei. Seme-alabak egiten daben ona baloratu eta animatu besteen alderdi onak ikusten.

Norberekeria albo batera itzi eta maitasuna landu eta bizi, seme-alabak norbere irudira eratu barik euren izaera lantzen lagunduz, diralakoxeak onartu eta maitatuz.

Mosu handi bat zuetariko bakoitzari eta eskerrik asko gogoan izan nozuen guztioi.