2026/2027 IKASTURTEA

Maria Vivanco eta Arkaitz Carracedo CIC bioGUNEko ikertzaileak eta José Galindez enpresaria, Begoñazpi Ikastolako Gazte Role Model 2025 sariak

Maria Vivanco eta Arkaitz Carracedo CIC bioGUNEko ikertzaileak eta José Galindez enpresaria, Begoñazpi Ikastolako Gazte Role Model 2025 sariak

XVI. edizio honetan, “Gazte Role Model Saria”, Bilboko Begoñazpi Ikastolak konpromiso soziala eta ekintzailetza aintzatesteko urtero emoten dauan saria, Zamudioko CIC bioGUNEko ikertzaileak diran Maria Vivanco biokimikariak eta Arkaitz Carracedo biologoak ezezik, ingeniari, ekintzaile euskaldun eta Beraunberri taldeko presidentea dan José María Galíndez be jaso dau.

Sari-banaketa ekitaldia zemendiaren 12an, eguaztena, arratsaldeko 18:30ean Ikastolan izan da. Joseba Segura Bilboko gotzaina buru dala,  bertan izan dira, beste instituzio-ordezkari batzuen artean, Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Ainara Basurko Ekonomi Sustatzeko Bizkaiko diputatua eta Itxaso Erroteta, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol zinegotzia.

Maria Vivancok eta Arkaitz Carracedok “gizarte konpromisoa” kategoriari jagokon saria jaso dabe. José María Galíndezek, barriz, “ekintzailetza” kategoriari jagokona. Sari bi honeek dira ezagutza eta esker ona aintzat hartzen dabenak.

Euskadiko bizitza profesionaleko eta sozialeko zazpi kide garrantzitsuk osatutako epaimahaiak, María Vivancoren ibilbide zientifikoa azpimarratu dau, batez be, bularreko minbiziaren ikerketari jagokona. Gainera, Euskal Herrian ikerketa biomedikoa egiten dauan irabazi-asmorik gabeko ikerketa-zentroan, hau da, CIC bioGUNEn, bikaintasuneko ikerketa biomedikoagaz dauan konpromisoa be goresten dau. “Bere lanak nabarmen lagundu dau biologia molekularraren eta medikuntza traslazionalaren ezagutzaren aurrerapenean, batez be minbiziaren arloan”, azaldu dau epaimahaiak.

Arkaitz Carracedori buruz, epaimahaiak bere ibilbide zientifiko bikaina eta CIC bioGUNEn izandako biomedikuntzako ikerketa arloan erakutsitako lidergoa azpimarratu dauz. Hauxe  adierazi dau: “Minbiziaren metabolismoa aztertzen egin dauan lan barritzaileak, bai bere taldea, bai zentroa bera nazioarteko abangoardian jarri dau”.

Zelestraren sortzaile eta kontseilaria ezezik, Beraunberri familia-taldearen presidentea be  badan José Galindezen kasuan, epaimahaiak bere ibilbide luzea eta etorkizuna sortzeko egiten dauan etengabeko ahalegina azpimarratu dau “hori lortzeko, jarduera zein enpresei ekingo deutse, horri guztiari enpresariaren gizarte-erantzukizunaren kontzientzia gehituko deutsolarik”. Epaimahaiak azaldu dauanez, horrek guztiak hainbat lanekin konpromisoa hartzea eragin deutso. Hauxe adierazi dau: “Lanok, argi eta garbi adierazten dabe sortutako aberastasunak saihestezina dan gizarte-dimentsioa dauala”.

Horregaitik guztiagaitik, Gazte Role Model Sarien XVI. edizio honek, saritu bien lan profesional eta humanitarioa aintzatetsi dauz. Bego Bañuelos Ikastolako zuzendariak hauxe azaldu dau: "barrikuntzan zein giza hartu-emonetan, lana autoerrealizazio profesionalaren iturri izanez eta pertsona behartsuenekiko alkartasuna adieraziz, gazteek jarraitu beharreko eredu dira".

ARGAZKI GALERIA

Maria Vivanco eta Arkaitz Carracedo CIC bioGUNEko ikertzaileak eta José Galindez enpresaria, Begoñazpi Ikastolako Gazte Role Model 2025 sariak