Eleizbarrutiko erakundeak errefuxiatuen aldeko europar ibiltaldian
Karidade eta Zuzentasunerako Eleizbarrutiko Ordezkaritzak, Euskal Eleizbarrutietako Misinoetarako Ordezkaritzak, Bizkaiko Caritasek, Euskalerriko Eskautak Bizkaia mobimentuak, Ekintza Katolikuko Langile Ermandadeak (HOAC) edo Esku Elkartuak erakundeak, besteak beste, bat egin dabe etorkin eta errefuxiatuen eskubideen aldeko europar ibiltaldia dala-eta zabaldu dan agiriagaz. Europako dozenaka herrialdetan bat egingo da datorren zapaturako, otsailak 27, aurreikusitako deialdiagaz. Bilbon, hain zuzen be, eguerdiko 12:00etan hasiko da ibiltaldia Arriaga plazan.
Karidade eta Zuzentasunerako Ordezkaritzaren barruan dagoan migrazinoetarako sailetik dei egiten dabe “Ongi etorri errefuxiatuak” goiburupean egingo dan ibiltaldian parte hartzeko. Ekimenaren barri emoteko dinoe, holan Mediterraneoan gertatzen diran heriotzengaitik, Europaren jarreragaitik eta etorkin eta errefuxiatuei eskubideak ukatzeagaitik eta tratu txarra emoteagaitik gure hasarrea, nekea eta samina erakutsi daiguzan”.
Jarduera hau dala-eta kaleratu dan agirian gogoratzen danez, Batasun Europarrak gerretatik eta gatazketatik igesi etorritako milioi bat lagun baino gehiago jaso eban 2015ean. Siria, Ukraina, Mali, Afganistan, Palestina, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Irak edo Kolonbia lako herrialdeetatik datoz. Estaduen betebeharra da persona horreek babestea.
10.000 adin txikiko desagertuta
Egunotan emon dabe datu “ikaragarri” horren barri. Europar mugetara iristen diran personen herena adin txikikoak dira. NBEaren arabera, Estadu espainiarra da sexu-esplotazinoa helburutzat daben sareen jomuga eta igarobide nagusia dan herrialdeetako bat.
Agirian, besteak beste, honako datu hau be jasoten da: Europak 160.000 errefuxiatu birkokatzeko konpromisoa hartu ebala eta, gaur-gaurkoz, bostehun eta larogeta hiruri baino ez deutsela harrera egin.
Guzti honen aurrean, ibiltaldiaren suspertzaileek zera eskatzen deutse, besteak beste, Europar Batasunari: ez daiala “gerrarik suspertu; persona honeei legezko bide seguruak zabaldu eta bermatu deiezala; itsasoan erreskate seguruak egin daitezala eta ahalegin guztiak koordinatu daitezala desagertutako adin txikikoak aurkitzeko”. Euskadin, gainera, beste hau be eskatzen da: “gobernu espainiarra presionatzea, Europan hartutako konpromisoak ahalik eta bizkorren bete daizan; bizikidetza suspertu eta osoko harrerea egin eta heltzen diran errefuxiatu guztiei zerbitzu publikoak jadesteko aukerea emon”.
Iturria: Bilboko Elizbarrutia, www.bizkeliza.org.


