2026/2027 IKASTURTEA

Isabel Iturbe eta Iván Miñambres, Gazte Role Model saridunak

Isabel Iturbe eta Iván Miñambres, Gazte Role Model saridunak

Begoñazpi Ikastolak gizarte-konpromisoa eta ekintzailetza aitortzeko urtero emoten dauzan Gazte Role Model Sariak, aurten, XII. edizioan, Bilbao Basketeko presidente dan Isabel Iturberi eta animazio-zinemako ekoizle ezaguna dan Iván Miñambresi emongo deutsoz. Azken horrek zortzi Goya sari dauz.

Isabel Iturbek «gizarte-konpromisoaren» kategoriako saria jasoko dau, eta Iván Miñambresek, barriz, «ekintzailetzaren saria». Arlo bi horreek osatzen dabe aitortza publiko hau.

Iturbe, euskal enpresaburu, aholkulari eta zuzendaritzako kidea, Surne Bilbao Basket saskibaloi-klubeko presidentea da, baita Bizkaiko Emakume Enpresaburu eta Zuzendarien Elkarteko presidentea be. 2020an historia egin eban, gizonezkoen maila gorenean Bizkaiko klub profesional bateko presidente izendatutako lehen emakumea eta ACB ligaren historiako hirugarrena izan zan eta.

Hori dala eta, Euskadiko bizitza profesional eta sozialeko zazpi kide nabarmenek osatutako epaimahaiak, Iturbek «kirolaren bidez gizarte bidezkoagoa, inklusiboagoa eta solidarioagoa eraikitzeko» dauan konpromisoa azpimarratu dau. Era berean, Bilbao Basketeko presidente gisa, «kirola lehiatik eta emaitzetatik harago joan daitekela erakutsi dauala nabarmendu dau, pertsonak alkartzeko, desbardintasunak gainditzeko eta aukera barriak sortzeko tresna indartsua izan baitaiteke».

Gainera, Bilbao Basket Fundazioaren bidez, «gizarteratzea, inklusioa, hezkuntza eta alkartasuna sustatzen dabezan ekimenak babestu dauz, batez be, zaurgarritasun-egoeran dagozan pertsonen eta kolektiboen artean», adierazi dau epaimahaiak. «Halaber, bardintasunarekiko eta emakumeen kirolerako aukera barriak sortzearekiko konpromisoak haren lidergoaren gizarte-dimentsioa indartzen dau», gaineratu dau.

Bestalde, Portugaleteko Iván Miñambres nabarmendu behar dogu, egile-animazioaren nazioarteko erreferente nagusietakoa. UniKo animazioan espezializatutako ikus-entzunezko ekoiztetxearen sortzailea eta zuzendari nagusia da (CEO). Bilbon egoitza dauan ekoiztetxe honek, 2009an sortu zanetik sektorea irauli egin dau. Zinema-industrian egindako ibilbide nabarmenean, Miñambresek zortzi Goya sari eskuratu dauz, kritikaren txaloak jaso dabezan film labur eta luze ugari bultzatu ondoren.

Epaimahaiaren arabera, Miñambresek aitortza hau merezi dau «enpresa-arloan egindako ibilbide nabarmenagaitik eta sormena, barrikuntza eta ekintzailetza uztartzeko dauan gaitasunagaitik». Gainera, epaimahaiak dinoanez, arrakasta horreen atzean «ahalegina, iraunkortasuna, talde-lana eta, batez be, norberaren ideietan sinesteko ausardia dago».

«Honen ibilbideak erakusten dau ekitea ez dala enpresa bat sortzea bakarrik, baizik eta talentuari bideak zabaltzea, arriskuak hartzea eta zailtasunen aurrean tinko jarraitzea be badala. Ivánek erakutsi dau posible dala gure sustraiei eustea eta munduari mugarik gabe begiratzea, sormena etorkizuna eraikitzeko aukera bihurtuz», adierazi dau epaimahaiak.

Horregaitik guztiagaitik, Gazte Role Model Sarien XII. edizio honek saridun bien lan profesionala eta konpromisoa aitortuko dauz. «Begoñazpi Ikastolako gazteentzat, Isabel Iturbe eta Iván Miñambres ametsak lan, konpromiso eta ausardiaren bidez, egia bihurtu daitekezala erakusten daben eredu inspiratzaileak dira, baita alkartasun, bardintasun eta gizarte-konpromisoaren adibide be», adierazi dau Bego Bañuelosek, Bizkaiko ikastola honetako zuzendariak. Bilboko Gotzaindegiaren EBI – Elizbarrutiko Ikastetxeen sareko Ikastolak 1.700 ikasle baino gehiago dauz.

Hain zuzen be, 2026ko Gazte Role Model Sarien epaimahaia Euskadiko enpresa-munduko eta gizarte-laneko zazpi profesional nabarmenek osatu dabe: Ainara Basurko, Ekonomia Sustatzeko foru-diputatuak; Aitor Cobanera, SPRIko Industria Sustapeneko eta Digitalizazioko zuzendariak; Leire Bilbao, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendariak; Guillermo Buces, CEBEK Bizkaiko Enpresarien Konfederazioko presidenteak; Gaspar Martínez, Bilboko Elizbarrutiko kultura-gaien eta -ondasunen arduradunak; Nerea Bilbao, EBI – Elizbarrutiko Ikastetxeen sareko zuzendari nagusiak; eta Bego Bañuelos, Begoñazpi Ikastolako zuzendariak.
 

Ikasleentzako esperientzia
Izan be, saridunek euren esperientzia Ikastolako ikasgeletara eroango dabe. Ikasturtean zehar, bai bizitzako mugarri nagusiak kontatzeko, bai gaztetatik, nork bere burua gainditu, gizarte-konpromiso, enpresa-munduan tinko jardun eta gizarte- zein giza laguntzako lanen balioak transmititzeko, hitzaldiak emongo deutseez ikasleei.
Halan dala, saridunek Gazte Role Model Sarien ikurra jasoko dabe: Néstor Basterretxea eskultore bizkaitarrak sortutako estatuatxo originala; honek hezkuntza, fantasia eta mugimendua sinbolizatzen dauz. Galan, Ikastolak 2008az geroztik emoten dauzan sari honeek izan daben  garrantzia be nabarmenduko da.

 

 

ARGAZKI GALERIA

Isabel Iturbe eta Iván Miñambres, Gazte Role Model saridunak Isabel Iturbe eta Iván Miñambres, Gazte Role Model saridunak Isabel Iturbe eta Iván Miñambres, Gazte Role Model saridunak Isabel Iturbe eta Iván Miñambres, Gazte Role Model saridunak Isabel Iturbe eta Iván Miñambres, Gazte Role Model saridunak Isabel Iturbe eta Iván Miñambres, Gazte Role Model saridunak Isabel Iturbe eta Iván Miñambres, Gazte Role Model saridunak